Lanbide heziketako ikasleen bideo hunkigarria, Sestaon SolidaridUP proiektuari bizia ematen dioten pertsonen testigantzak biltzen dituena

SolidaridUP proiektua landu dute Sestaoko BHI Saturnino de la Peña zentroko “Animazio soziokultural eta turistikoa” zikloko lehen urteko ikasleek.

Ikasteko metodologia aktibo eta kolaboratiboen bidez, hala nola ETHAZI erronkak eta E 3 hezkuntza estrategia, Zabalketak SolidaridUP proiektua gelaratu du. Zabalketak egindako heziketa lanaren emaitza gisa, ikasleek bideo hunkigarri bat egitea proposatu zuten, Sestaon, SolidaridUP ekimenean parte hartzen ari diren pertsonen testigantzak jasotzeko.

Horien artean, AR+peluqueros ile-apaindegiko edota Kopiprint inprimategiko langileen testigantzak jaso dira. Gainera, bideoan parte hartu dute Integrando eta Hazbide erakunde sozialek, bai eta SolidaridUP proiektuan eskuragarri dauden zerbitzuen onuradunetako batzuk ere.

Bideoaren bitartez, ikasleek pertsona guzti horiek ikustarazi nahi dituzte, bai eta mugimendu solidario honetan beren parte-hartzea eskertu ere.

Bideoa egin ondoren, eta Zabalketarekin lankidetzan, ikasleek ekitaldi bat antolatu zuten bideoa herritarren artean proiektatzeko eta zabaltzeko, jende gehiagok ikus zezan. Ekitaldia 2025eko apirilaren 11n egin zen (17:30-19:30) Sestaoko San Pedro plazan.

Bideoa proiektatzeaz gain, ikasleek hainbat tailer antolatu zituzten Sestaoko haurrentzat eta dibulgazio-materiala banatu zuten, hala nola SolidaridUP proiektuari buruzko liburuxkak eta oihalezko poltsak.

Jardunaldi honen antolaketak eta garapenak ikasteko balio izan die ikasleei eta oso balorazio positiboa egin dute, ekitaldira bertaratu diren pertsona guztien harrera ona kontuan hartuta.

SolidaridUP proiektuan (Zabalketa da sortzailea eta koordinatzailea) zuzenean parte hartzen dute tokiko merkataritza txikiak, Udalek eta gizarte erakundeek. Proiektu horren bidez gizarte zibilaren protagonismoa berreskuratu nahi da. Izan ere, keinu solidario txikien bidez, Sestao, Getxo eta Leioako udalerrietako biztanle zaurgarrien arazoak duintasunez konpontzen lagundu daiteke.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Saturnino de la Peña zentroko irakasle zein ikasleei SolidaridUP proiektuan parte hartu eta laguntzeagatik.