NORTZUK GARA?
Hasiera | Nortzuk gara?
Aurkezpena
Ikuspegi instituzionala
ZABALKETA gobernuz kanpoko erakundea da, 1990ean jaioa. Hemen sentsibilizazio eta hezkuntza lanak egiten ditu, eta nazioartean garapenerako lankidetzako proiektuetan aritzen da. Egoitza nagusian Getxon dauka, Bizkaian.
Juridikoki ELKARTE ZIBILA da, izaera demokratikoa dauka, akonfesionala eta independentea da, eta haren estatutuen arabera hauxe du helburu: “interes orokorra zerbitzatzea, lankidetzaren bidez, eta pertsonarik behartsuenak ekonomiaren, gizartearen, hezkuntzaren eta kulturaren alorretan garatuz” (Zabalketaren estatutuen 2. artikulua).
ZABALKETAelkartea Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohiek sustatu zuten hasiera batean. Mundu bidezkoago eta solidarioagoa lortzeko lan egin nahi duten borondate oneko pertsona guztiei irekita dago.
Munduan pobrezia eta bidegabekeriak desagerrarazteko lan egiten dugu, GARAPENERAKO LANKIDETZA PROIEKTUEN bitartez. Garapen bidean dauden herrialdeetako komunitate eta erakundeei beren arazoen diagnostikoa egiten laguntzean datza gure lana, eskatzen digutenean.
Gero, arazo horiek hobetu ahal dituzten ekintzak diseinatzen lan egiten dugu, aldaketak egin ahal izateko finantza-baliabideak bilatzen ditugu eta, modu fidagarrian, esperientziak ebaluatzen eta hedatzen ditugu.
Gure ingurune hurbilenean, garapen bidean dauden herrialdeen errealitateari buruzko hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainetan lan egiten dugu, pertsonen konpromiso aktiboa bilatzen. Gainera, gizarte laguntzako programak egiten ditugu, pertsonarik babesgabeenen beharrizan bereziei arreta ematen laguntzeko, batez ere etorkinen kasuan.
Historia
1988. urtea zen. Urte hartako udan, Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohi batzuk Polonian eta Portugalen izan ginen, lan-esparru batzuetan parte hartzen. Esperientzia benetan aberasgarria izan zen, eta gizarte jarduera horiekin jarraitzea erabaki genuen. Batez ere udan gauzatzen genituen.
1991ean kolera epidemia bat egon zen Perun. Bada, kaltetutako guneetako bateko apezpikua Bilbokoa zen eta Gaztelueta ezagutzen zuen. Beraz, laguntza eskatu zigun bere elizbarrutiko jende behartsuari mediku-arreta emateko.
Arazoaren eta esperientziaren neurriak ondorioztarazi zigun ez zela nahikoa “asmo onez betetako lagun talde bat” izatea. Aldiz, egoerak eskatzen zituen konpromiso iraunkorrak, laneko profesionaltasuna eta ofizialki jardun ahal izateko nahiz instituzio publikoei laguntza ekonomikoak eskatzeko beharrezko gaitasun juridikoak.
Horrela eratu zen ZABALKETA: elkarte zibila, gobernuz kanpoko erakunde izaerarekin, hasieran Gazteluetaren bueltan eratua baina irekia eta guztiz independenteki funtzionatzen duena. Hainbat urtetan zehar, ZABALKETAk lan-esparruak gauzatu zituen Perun, eta gero eta jende gehiago joaten ginen horietara. Baliabide gutxirekin baina grina handiarekin egin genituen “lan-esparru” horietako asko. Jendea garraiatzen genuen, botika tonak eramaten genituen, labore alternatiboen esperientziak lantzen genituen... Baina, noski, ekintza horiek munduko injustiziak desagertzeko zuten eragina nahiko xumea zen.
Hala ere, lan eremu horietan parte hartzen genuen guztiok kontzientzia hartu genuen, eta ikusi genuen gauzak konpontzeko errotik eragin behar dela. Horregatik, 1992. urteaz geroztik proiektu profesionalagoak bultzatzen joan ginen. Horiek jada ez zuten eskatzen boluntario batzuk noizean behin bertaratzea, baizik eta esperientziadun profesionalen egonkortasuna.
Proiektu mota horiek askogatik gainditzen zuten ZABALKETAk funtsak sortzeko zuen gaitasuna. Horregatik, garai hartan artikulatzen hasiak ziren dirulaguntza ofizialetara jo behar izan genuen: kalean aurrekontuen 0,7 famatu haren alde borrokatzen zen garaia zen.
Oraindik lortzeke zegoen helburua zen, baina egia da administrazio publiko guztiak hasi zirela deialdiak egiten “Garapenerako lankidetzarako proiektuak” esaten zaien horiek finantzatzen laguntzeko. Hala, 1991. eta 2005. urteen artean ZABALKETAK garapenerako lankidetzako 30 proiektu sustatu zituen. Horiek baliabide ekonomiko mardulak mugiarazi zituen, eta zuzeneko onuradunak 50.000 izan ziren.
Proiektu horiek gauzatzeko beharrezko baliabideak Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetza Funtsak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko eta Leioako Udalek (herri horietan dago gure masa sozialaren zati esanguratsuena) jarri zituzten neurri handi batean, baita gure bazkide, laguntzaile eta hurbilekoen ekarpen eta dohaintzek ere. Progresiboki hedatzen joan zen erakundearen oinarria, eta lanerako akordioak eratu ziren beste finantza erakunde publiko (AECID, EB, Gipuzkoako Aldundia...) nahiz pribatu batzuekin. Hala, 2016an 25 urte bete zituenean, ZABALKETAk lankidetzarako 100 proiektu handi zituen, eta ia 250.000 onuradun.
Eta hementxe jarraitzen dugu. Konpromiso sendo eta irmoarekin. Gure lanaren esperientziari hainbat lekutan eman diote aitortza. Itxaropena landatuz eta emaitzak jasoz. Distantziak laburtuz eta errealitateak gerturatuz.
Eginkizuna eta ikuspegia
Eginkizuna
ZABALKETA erakunde zibila, independentea, apolitikoa, akonfesionala eta demokratikoa da. Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohiek sortu zuten. Pertsona guztien duintasunaren kontzientzia zabaldu nahi du, eta behar diren bitartekoak bilatzen ditu, pertsonarik behartsuenen garapen integrala mesedetzen duten proiektuetan bideratzeko, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan.
Ikuspegia
Garapenerako lankidetzarako estrategiak
ZABALKETAk garapenerako lankidetzaren bueltako lana 14 estrategia ezberdinen bidez gauzatzen du. Bada, egiten diren tokiko diagnostikoen arabera, horietatik egokienak aukeratzen ditu jarduketa bakoitzean.
Ekoizpen sarearen garapenari lotuak.
1. EKOIZPENAREN GARAPENERAKO GAIKUNTZA: Banakoei eta pertsona taldeei zuzendutako prestakuntza prozedura, ekoizpen ereduak hobetzearen bidez diru-sarrera handiagoak lortzeko gaitasun teknikoak eta ezagutza teorikoak eskuratzera bideratua.
2. EKOIZPENAREN GARAPENERAKO INBERTSIOA: Familia eta komunitateetako ekoizpen prozesuen kudeaketa optimizatu eta jasangarrirako materialak eta ekipoak eskuratzeko eta azpiegiturak eraikitzeko finantzaketa antolatua.
3. LURRALDE KUDEAKETA: Herritarrak antolatzera eta lurralde bateko erakunde publiko nahiz pribatuekin koordinatuta artikulatzera bideratutako prozedura. Xedea da hitzartutako plangintzaren bidez tokiko garapena, lurraldearen berrantolamendua eta horren sendotzea zein defentsa bultzatzea.
4. EKOIZPEN KATEAK: Pertsona eta komunitateen ondasun eta zerbitzu ekoizpena errentagarri bihurtu eta dinamizatzera bideratutako ekintzak sustatzea. Horretarako, lehengaiak eraldatzeko prozesuak gauzatu, balio erantsia sortu eta merkatuak artikulatzen dira.
5. INGURUMEN KUDEAKETA. Ekosistemaren zerbitzuak modu jasangarrian erabiliz lurralde bateko herritarren bizi-baldintzak hobetzera bideratutako prozesuak.
6. IKERKETA APLIKATUA. Ikaskuntza praktikora bideratutako ekintzak, aldagaiak aztertu eta fenomenoak neurtzearen bitartez. Helburua da ekoizpen prozesuak, laneko baldintzak eta ingurumen berreskurapena hobetzea ahalbidetuko duten ondorioak eskuratzea.
Gizarte sarearen garapenari lotuak:
1. ESKUBIDEEN GAIKUNTZA. Banakoei nahiz gizarte erakundeei zuzendutako prestakuntza prozedura, Giza Eskubideen kontzientzia hartzera, hori sustatzera eta defentsa eta erreklamazio prozeduretara bideratua.
2. ITUNAK ETA POLITIKA PUBLIKOAK. Komunitateek udalerrietan duten eragin politikoa erraztera bideratutako prozedurak, pobrezia gainditzeko estrategiak negoziatzeko eta beren mundu-ikuskera aintzat hartu eta errespetatuko duten eskubideen markoak definitzeko.
3. OINARRIZKO ERAKUNDEEN SENDOTZEA. Gizarte zuzendaritzen mailako lan prozesua, horiek eraginkorki kudeatzeko gaitasun, trebezia, eta ezagutzak garatzera bideratua, baita herritar guztien aldeko politikak bultzatzera ere.
4. LIDERGOAK INDARTZEA. Komunitateetan pertsonen bertuteak bultzatzera bideratutako jarduketa, horien garapena sustatu eta zuzentzeko modu eraldatzaile eta barneratzailean.
5. GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEKO ZERBITZUAK. Eskubide urraketa kasuen aurrean herritarren arreta pertsonala errazten duten eta eskubide horiez baliatzeko arazoak konpontzen dituen ekintzen multzoa.
6. GIZARTE AZPIEGITURETARAKO INBERTSIOA. Ase Gabeko Oinarrizko Beharrizanak asetzera edo beste estrategiei lotutako zerbitzu esentzialak ematera bideratutako eraikuntzen finantzaketa antolatua.
Biei lotuta
1. LAGUNTZA. Arreta pertsonei nahiz garapen prozedurei, eragileen ahalduntzea lortzera eta etorkizunean kanpoko mendekotasunak ekiditera bideratuta daudenei.
2. EBALUAZIOA. Prozedura sistematikoa, parte-hartzailea eta ikaskuntza praktikoa oinarri duena, jarduketa baten helburu, emaitzen eta jardueren estrategian lortutako aurrerapenaren analisi kritikorako.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Estrategiak
ZABALKETAk bi estrategia ezberdinen bidez gauzatzen du gizarte eraldaketarako hezkuntzaren bueltako bere lana:
"Zabaldu Mundura”, munduko arazoen, zaurgarritasunen edo beharrizanen ikuspegi lokal-globala jorratzen duena funtsean.
Estrategia horren bidez hainbat gai lantzen dira (ingurumeneko jasangarritasuna, genero berdintasuna eta gizartean parte hartzea, besteak beste) eta errealitate horien egoera aztertzen da, izan gure gertukoak edo mundu mailakoak.
Hala, munduko hainbat latitude, herrialde eta tokitako askotariko errealitate horien eraginak, ondorioak, loturak eta egiturazko arrazoiak ulertu nahi dira, garapen sozialari, kulturalari, ekonomikoari eta ingurumenekoari lotuak.
Horretarako, Zabalketak Garapenerako Lankidetza proiektuen bitartez gauzatzen duen lana erabiltzen dugu, baita Euskadiko errealitatearen ikerketa eta azterketa bat ere.
“Hamarretik zortzi” estrategia, gai orokorretan munduan gertatzen diren ezberdintasunak jorratzen dituena funtsean: kalitatezko hezkuntzarako sarbidea, aberastasunaren banaketa, migrazio-mugimenduak, eta abar.
Desberdintasunen errealitatea ezagutzean eta arrazoiak ulertzean datza, gertuko ikuspegia duena (tokikoa) eta urrunekoarekin (nazioartekoa) lotzen duena.
Hezkuntzako estrategia biek metodologia bera partekatzen zuten, banakako hausnarketan nahiz talde txikien lanean oinarritzen dena, fokua jarriz eskumen ezberdinen garapenean eta pertsonen gaitasunetan. Hala, askotariko testuak, eztabaidak, jolasak eta parte hartzeko dinamikak erabiltzen dira, bai eta ikus-entzunezko baliabideak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) ere.
Hezkuntzako lan hori honako balio hauek garatzera bideratzen da, besteak beste: elkartasuna, enpatia, justizia soziala, kultura-artekotasuna, genero-berdintasuna, konpromisoa, erantzukizuna, errespetua eta ekologia. Pentsamendu kritikoa sustatzen da eta gertuko errealitatean nahiz errealitate globalean jarduten da, eraldaketa lortzeko helburuz.
Hezkuntzako lan hori hezkuntza formalaren esparruan garatu da, Lehen Hezkuntzatik Goi-mailakora arte, baita hezkuntza ez formalaren esparruan ere, aisia taldeekin, gaztelekuekin, scout taldeekin edo hiriko udal udalekuekin.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako lan horren alderdi oso garrantzitsu bat da sarean lan egiten dela beste erakunde batzuekin batera: beste GKE batzuk, 3. sektoreko elkarteak, hezkuntza zentroak, udalak, saltoki txikiak eta abar.
Sentsibilizazio estrategiak
ZABALKETAn uste dugu funtsezkoa dela bertan egotea eta errealitaterik gertukoenak erronka global handiekin lotzea. Ildo horretatik, udalerri txikiek aukera berezia ematen dute konfiantzazko eta komunikazioko harremanak sortzeko. Horiek munduan gertatzen diren arazoak gerturatu eta horien berri ematea ahalbidetzen dute, gertuan nahiz gugandik urrunen dauden txokoetan.
Horretarako, kanpainak, erakusketak, elkartasun azokak eta jardunaldiak antolatzen ditugu eta horietan parte hartzen dugu, eta eragin handiagoa izatea ahalbidetzen duten talde, plataforma eta sareetan gaude. Horien artean daude Getxoko Lantalde, Euskadiko GGKE Koordinakundea, Heziketaren Aldeko Mundu-kanpaina, Garapen Jasangarriko Mundu-sarea eta Mujeres sarea, besteak beste.
Kontuan izanik Zabalketaren egoitza nagusia Getxo udalerri bizkaitarrean dagoela, ZABALKETAk sentsibilizazio lan are handiagoa egiten du bere konpromisoekiko eta 25 urte baino gehiagoko lanaren bidez sustraitutako loturekiko. Getxon lan jarraitua egiten da hainbat udal arlorekin: Lankidetza, Gizarte Zerbitzuak, Kultura. Horrez gain, pertsona migratuen elkarteekin ere lan egiten da, Filipinetako Sikap eta Boliviako Adrebol kasu.
Zabalketak sustatutako sentsibilizazio estrategiarik entzutetsuenetariko bat SOLIDARIDUP da: udalerri solidarioen SAREA, politika publikoen ikuspegi bat partekatzen dutena elkartasun eta bizikidetza balioak bultzatzeko eta berrikuntzaren bidez sarean integratzeko tokiko eragile publiko zein pribatuak: tokiko merkataritza txikia, udal gizarte zerbitzuak, elkarteak eta lurraldeko tokiko gobernuak. Getxon jaio zen SOLIDARIDUPen proposamenaren muina da komertzioak gizarte eraldaketarako eragile bihurtzea, eta herritarren eta pertsonarik zaurgarrienen arteko harremanetarako eta artikulaziorako espazio berriak sortzen ditu. Milaka pertsona lotzen ditu eguneroko keinu egingarri bezain solidarioetan. Bada, horiei esker gizarteko periferiei duintasun baldintzak eta bezero berri izaera aitortzen zaie.
Hala, honako gizarte erronka hauek bideratzen dira: Udalerrietako etorkinen kolektiboen eta herritar zaurgarrien gizarte integrazioa. Gizarte zibilaren inplikazioa sustatzea tokiko arazoei irtenbidea aurkitzeko. Komertzio txikiko enpleguaren hobekuntza salmentak hobetzearen eta bezero berrien ondorioz, baita saltokietan arreta ematen dutenen autoestimuaren hobekuntza ere. Herritar zaurgarrienen enplegagarritasun baldintzen hobekuntza.