NOLA LAN EGITEN DUGU?
Hasiera | Nola lan egiten dugu?
ZABALKETAn garapenerako lankidetzako estrategia batekin lan egiten dugu, partzuergoak eratuz, bai tokiko bazkideekin bai proiektuen azken onuradunekin.
Estrategia iraunkorrak bilatzen ditugu, lan egiten dugun zonetan inpaktu erreal eta neurgarria izaten dutenak, eta emakumeen parte hartzea eta erabakimena hobetzen laguntzen dutenak, gizonekin berdintasuna lortzeko bidean.
Boluntarioak funtsezkoak dira ZABALKETAren lanean, garapenerako hezkuntzako, gizarte arretako, eta Hegoaldeko herrietako lankidetza proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko hainbat jarduera egiten laguntzen dutelako.
ESTRATEGIAK
Lanerako estrategiak
Gure lan-estrategiak oinarrizko bost printzipio hauen jarraipena hartzen du kontuan:
1. ZABALKETAk, bere helburuak egiten dituen ekintzetan, pertsonen eta gizarteen garapena modu integralean ulertzen du. Haren planteamenduak ikuspegi ekonomizistak gainditzen ditu. Beraz, konpromiso berezia dauka norbanakoen eta taldeen giza eskubideen sustapenarekin eta defentsarekin, emakumeak ahalduntzearekin, benetako genero-berdintasuna lortzeko, tokian tokiko kultura eta balioen kontserbazio eta sustapenarekin, elkarrengandik ikastea bultzatuz, eta tokian tokiko gaitasunak indartzearekin, garapen iraunkorreko ingurune batean.
2. Hegoaldeko herrietan, ZABALKETAk partzuergoak eratuz lan egiten du beti, bai bere bertako bazkideekin bai proiektuen azken onuradunekin. Epe ertaineko itunak egitearen aldekoak gara, onuradunak beren garapenaren benetako protagonista izan daitezen. Estrategia iraunkorrak bilatzen ditugu, lan egiten dugun zonetan inpaktu erreal eta neurgarria izaten dutenak.
Azken onuradunen, tokiko bazkideen eta geure artean sinergia egokiak sortzen lagundu nahi dugu, arazoen kausetan modu sakon eta eraginkorrean eragiten duten urte anitzeko lan-programei ekin ahal izateko.
3. Ez dugu finantza-baliabideak bilatzeko lana edo finantza-erakundeen eta tokian tokiko bazkideen arteko bitartekaritza-lana egiten soilik. Gure eginkizuna beharrizanen ebaluazioarekin hasten da, proiektuen formulazioarekin jarraitzen du, eta ez da amaitzen harik eta proiektuen garapena eta gauzapena behar bezala ebaluatu arte. Presentzia egonkorra eta zuzena daukagu lekuan bertan, tokiko ekipoekin koordinatuta lan egiten duten lantalde teknikoen eta boluntarioen bitartez.
4. Uste dugu proiektu orok, neurri handiagoan edo txikiagoan, prestakuntza-osagai bat izan behar duela, garapen prozesuetan ezinbestekoa dena. Horregatik, iristen zaizkigun ekimen guztiak animatzen ditugu proiektuen planteamendu asistentzialista hutsa ez izatera, eta horren ordez konpromiso iraunkorra izatera, tokian tokiko eragileen sustapena eta gaikuntza lortzeko.
5. Azken onuradunek mendekotasun iraunkorrik ez izatea nahi dugu. Horregatik, proiektu bakoitzak bermatu behar du kanpoko laguntzak amaitzen direnean proiektuak aurrera jarraituko duela eta bere burua sostengatzeko gai izango dela.
Gure laneko printzipioak konpartitzen baditu, azterketa-eskaera bat egin dezake, beherago dauden bi galdetegiak betez eta posta elektronikoz ZABALKETAren idazkaritzara bidaliz.
IKUSPEGIA
Genero-ikuspegia
Helburua
Garapenerako lankidetzako proiektuek emakumeen parte hartzea eta erabakimena hobetzen lagun dezatela, gizonekiko berdintasuna lortzeko.
Jarduketa lerroak
1. ZABALKETAren lankidetza proiektu guztietan genero-ikuspegia txertatzea.
2. Parte hartze hori lortzea helburu nagusi duten proiektuak berariaz garatzen ahalegintzea.
3. Genero-berdintasun eza iraunarazten duten proiektuak ez babesteko konpromiso instituzionala barneratzea.
Estrategia
1. Lehentasuna duen lan-ildo bat ezartzea, helburua eta jarduketa ildoak konpartitzen dituzten tokiko kontraparteak modu egonkorrean indartzeko balio duena.
2. Kontraparteetan generoari buruzko gogoeta prozesu bat eragitea, generoa ikuspegi transbertsaltzat hartzen duten estrategia aktiboen diseinuan aurrera egiten laguntzeko.
3. Lan-proposamenak ondo aztertzea, osagai bakoitzak genero-harremanetan izan ditzakeen eraginak jakiteko.
4. Proiektu bakoitzak genero-harremanetan daukan eragina ikusi ahal izatea, adierazle espezifikoak txertatuz.
5. Amaitutako proiektu bakoitzak zonako genero-harremanetan duen eragin operatiboari buruzko analisi bat egitea, lan-esperientziak atera ahal izateko.
Helburu operatiboa
Urtero egiten diren proiektuen % 50ak, gutxienez, beren HELBURU ESPEZIFIKOEN artean emakumeen parte hartzea eta erabakimena hobetzea dute, gizonekiko berdintasuna lortzeko bidean.
Boluntariotza
Lantalde teknikoak
Boluntarioak funtsezkoak dira ZABALKETAren lanean. Gaur egun zenbait boluntario-talde daude eratuta, bakoitzari dagokion diziplina profesionalaren arabera. Haien lanaZABALKETAk Hegoaldeko herrietan bultzatzen dituen garapenerako lankidetza proiektuetan aholkularitza teknikoa ematean datza. Talde horiek aholku-kontseiluak eratzen dituzte gai teknikoetan (ingeniariak eta arkitektoak) eta gai medikoetan (medikuntzako profesionalak).
Boluntarioak egoitzan
Geure egoitzan ere lan boluntarioa egin daiteke, ZABALKETAren jardueren inguruko ekimen eta lanak eginez. Gurekin lan egin nahi baduzu, astean denbora pixka bat eduki behar duzu. Gainera, ikasteko, taldean lan egiteko eta prestakuntza egokia jasotzeko gogoa izan behar duzu, gure arloetako lana bultzatu ahal izateko.
Hegoaldeko herrialdeetako boluntarioak
ZABALKETAk lankidetza proiektuak dauzkan herrialdeetan nazioarteko boluntariotza-esperientziak eskaintzen ditugu. . Orain arte gazte askok lan egin dute proiektuak egiten, ebaluatzen eta beraien jarraipena egiten. ZABALKETAren boluntarioak komunitateetan bizi dira; komunitate hauek beren barnean hartzen dituzte eta boluntarioek komunitateen eraldaketa-prozesuak konpartitzen dituzte. Boluntariotzak, kultura-trukaketa eta aberaste esperientzia den aldetik, interesdunak prestakuntza serioa jaso dezala eskatzen du.