“¿Cocinamos? Fácil y rápido” gida

June Aranguren, Guadalupe Cáceres eta Maren Mugarza Elgoibarreko (Gipuzkoa) Meka ikastetxeko Dietetikako Goi Mailako Lanbide Heziketako zikloko ikasleak dira eta Zabalketarekin batera, Boliviako kasu praktiko bat landu dute, honako erronka hau izanik: Valles Cruceños eskualdeko gazteen dieta hobetzea obesitatea zein nutrizio-gabezia murrizteko. Horrela sortu zen “¿Cocinamos? Fácil y rápido” gida, sukaldeko elikagai-segurtasunaren eta higienearen oinarrizko nozioak modu argi eta eskuragarrian gerturatzeko eta elikadura osasuntsua sustatzeko pentsatutako gida.

Gidak arriskurik gabe sukaldatzeko argibide praktiko batzuk biltzen ditu, sukaldean oinarritutako bost eduki-blokeetan antolatuta: higienea, elikagaien segurtasuna, ordena eta antolaketa, istripuen prebentzioa, eta ardura zein komunikazioa. Gainera, honek Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) elikagai-segurtasunerako bost gakoak biltzen ditu, eta Harvardeko Plateraren nahiz Elikaduraren Piramidearen bidez dieta orekatu eta nutritiboa nolakoa izan behar den azaltzen du. Azkenik, ikasitakoa finkatzeko, galdera-erantzunen galdetegi bat ere badakar.

Material hau Instituto de Capacitación del Oriente (ICO) erakundearekin batera garatu da, komunitatea eta ingurumena zaintzen 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Boliviako erakundea, eta amaitzean, materiala haien esku jarri da eskualdeko ikastetxeetan erabili ahal izateko.

Gida honek Valles Cruceños zein Euskadiko biztanleen elikadura eta bizi-ohiturak hobetzen laguntzea espero dugu, Elgoibar eta Boliviaren artean ikaskuntza eta elkartasun zubiak eraikiz.