Iara Sal, Garazi Idiakez, Martin Berezibar eta Aiora Zabaleta Elgoibarko (Gipuzkoa) Meka ikastetxeko Dietetikako Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleek Zabalketarekin batera Bolivian oinarritutako kasu praktiko batean lan egin dute, Valles Cruceños-eko gazteen dieta hobetzeko eta obesitateari zein nutrizio-gabeziari aurre egiteko asmoz. Nutrizioa ulertzea eta eskura dauden elikagaiak ondo ezagutzea osasunaren oinarria dela premisatzat hartuta, “Elikagaien Bingoa” diseinatu dute; joko honetan, parte-hartzaile bakoitzak elikagaien irudiak dituen kartoi bat du, eta zaku batetik irudiak atera ahala hauek estaltzen joaten da, kartoia osatu eta bingo esan arte.
Materialak zailtasun handituz doazen hiru maila ditu. Lehenengoan, elikagaiaren izena esaten da eta edozein fitxarekin estaltzen da. Bigarrenean, talde nutrizionalaren arabera sailkatzen da elikagaia, hau estaltzeko kolore espezifiko bat erabiliz (berdea fruta eta barazkientzat, laranja karbohidratoentzat, gorria proteinentzat eta horia gantz edo koipeentzat). Hirugarrenean, elikagaia bere definiziotik abiatuta asmatu behar da irudia estaltzeko, eta, bingo egitean, irabazleak azaldu behar du nola osatuko lukeen Harvard ereduaren araberako plater orekatu bat bere elikagai-txartelak erabiliz.
Materiala ingurumena eta bertako pertsonak zaintzen 40 urte baino gehiagoko esperientzia duen Instituto de Capacitación del Oriente (ICO) erakunde boliviarraren aholkularitza teknikoarekin sortu da, eta eskualde horretako eskoletara bideratuko da. Halaber, Euskadin piztutako interesagatik, ikasleek eurek jolas honetan oinarritutako unitate didaktiko bat sortu eta Lehen Hezkuntzako hainbat ikasgelatan jarri dute praktikan.
Ekimen honen helburua haurren elikadura eta bizi-ohiturak hobetzea da, bai Bolivian bai Euskadin, bi lurraldeen artean ikaskuntza eta elkartasun zubiak eraikiz.


