Joan den zapatuan, irailak 26, Algortako Guregune eta Romoko Gauegun Gaztelekuek bat egin zuten Itsas Hondoen Nazioarteko VI. Garbiketa Handiarekin, Itsas Zaindarien Sareak antolatua.
Jarduera hori “Beti Berdea Bizkaia Maitea” ingurumen hezkuntzako proiektuaren baitan txertatu da. Zabalketak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz garatzen du proiektua.
Mare Fondum elkarteko eta Divertek klubeko boluntarioek emandako kontzientziazio hitzaldi txiki baten ostean, gazteek Ereaga hondartzako zaborra jasotzen lagundu zuten, eta bertatik bertara ikusi ahal izan zuten eguneroko bizitzan sortzen ditugun hondakin asko eta asko itsasora eta hondartzetara iristen direla.
Denetariko hondakinak jaso ziren, honako hauek, adibidez: sareak, sokak, botilak, plastikozko tapoi eta edalontziak, izozki eta piruleten makilatxoak… Horrez gain, gure itsasoetan gero eta ohikoagoa den beste hondakin bat ere bai: maskarak.