Getxo SolidaridUPen erritmoan mugitzen da

Algortako jaietan, Zabalketak zumba eskola solidario bat eskaini du SolidaridUP proiektua zabaltzeko. Proiektu horrek udalerriko pertsona ahulenen egoera hobetzea du helburu.

Zabalketak Algortako jaiak aprobetxatu ditu Getxon pertsona ahulenek bizitza duina izatea ahalbidetuko duen eta haien egoerak haien inguru sozialean, emozionalean eta materialean duen eragina murrizteko helburua duen elkartasunezko mugimendu bat sortzeko lanean jarraitzeko. Horretarako, Algortako jaietan zumba eskola solidario bat egin da SolidaridUP proiektua zabaltzeko. Ekimen hori 2013an sortu zen, eta bost urtean zehar trinkotuz joan da; gaur egun 26 komertzio hartzen ditu barne.

SolidariUP egoera ahulean dauden pertsonei eta familiei zuzenduta dago. Hala, Getxoko saltokiren eta hainbat gizarte eragileren eskutik — Cáritas, Fundación Integrando eta Sortarazi —, getxotarren elkartasunarekin batera, pertsona horiek hainbat ekintzetarako sarbidea izan dezakete, haien baliabideak direla eta, bestela izango ez zutena. Esate baterako, ile-apaindegira joan ahal izatea norbaitek 5 euro eman dituelako beste pertsona batek ilea moztu ahal izan dezan, edota kafe solidarioa; hau da, taberna batean kafe bat ordainduta uztea. Zehazki, iaz 1.500 kafe zerbitzatu ziren era horretan.

Getxoko Udaleko Lankidetza Arloaren babesari eta udalerriko Ekonomia Sustapenaren eta Gizarte Zerbitzuen arloen elkarlanari esker, dagoeneko 26 denda ari dira parte hartzen, tartean ile-apaindegiak, kafetegiak, arropa edo liburu dendak… eta elkartasunezko 13 ekimen jarri dira abian. Gainera, egoitza udalerrian duten bederatzi GGKEek hartzen dute parte. Honakoak dira: Sahararen aldeko Getxoko Elkartea, ATFAL; Tourseko San Martin Misio Taldea; Ayuda Mas; BILADI Palestinar Elkartea; Ecca Romo; Entreamigos-Lagun Artean; Perualde; Taldeka Lagunduz eta Zabalketa.

Elkartasunezko mugimendu honi esker, baliabiderik ez duten pertsonak hainbat ekimenez balia daitezke, esate baterako: udalerriko liburu dendetako batean ordainduta utzi duten eskola materiala jasotzea, hortzetako tratamendua egitea, umeentzako zapatak eta barruko arropa erosteko bonuak, estetika tailerrak, informazio hitzaldiak, terapia emozional bat edo masaje bat ordainduta uztea, edo hilabetez yoga eskolak jasotzea, besteak beste.