Zabalketa elkarteak "Zabaldu Mundura" izeneko hezkuntza-estrategia bat bultzatzen du 2007az geroztik. Estrategia horren xedea da nazioarteko lankidetzaren arloan egiten dugun lana garapenerako hezkuntzarekin uztartzea.
Estrategia horren bidez, garapenerako lankidetzako proiektuek eta programek Hegoaldeko herrialdeetan hobekuntzak lortzeaz gain, Iparraldekoetan sentsibilizazio- eta hezkuntza-tresna bihurtzea ere lortzen dugu.
Horretarako, hezkuntza arautuaren maila guztietan hainbat hezkuntza-ekimen sartu ditugu. Ekimen horietako bat kasu praktikoetan oinarritutako ikaskuntza da, eta kasu praktiko horiek Zabalketak tokian tokiko kideekin batera ezartzen dituen garapenerako lankidetza-proiektuak dira.
Orain arte, Zabalketak 6 proposamen egin ditu ildo horretan: hiru Perun, eta beste hiru, berriz, Bolivian. Proposamen horiek hainbat baliabide didaktiko dituzte euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; eta unitate didaktikoz, bideoz, jarduera-orriz, mapaz eta argazkiz daude osatuta.
Proposamen honetan Peru herrialdea hartu da oinarri, eta, beraz, hezkuntza-materialak kitxuaz ere badaude. Helburua hizkuntza horren erabilera hainbat gizarte- eta hezkuntza-eremutan sustatzea da, bai eta zenbait eduki eta gaitan ere.
Ikasgelan material horiek erabiltzeko metodologia "Kasu metodoa", deiturikoa da. Hau da, 4-5 pertsonako talde txikitan benetako arazo, premia edo kalteberatasun bat aztertzen da, eta egon daitezkeen irtenbide- edo hobekuntza-proposamenak aurkezten dira gainerako ikasleen aurrean, ikasgelan defendatu eta eztabaidatu ahal izateko.
Zabalketa erakundean, Euskadiko lanbide-heziketako eta unibertsitateko ikasgaietan ari gara aplikatzen, nagusiki, ikaskuntza metodologia hori, eta oso emaitza arrakastatsuak lortzen ari gara ezagutzen eta gaitasunen jabetze-prozesuan.
Material hau eta Zabalketak prestatutako hezkuntza-materialak webgunean eskura daitezke, 3 hizkuntzetan. Horrez gainera, “Kredituak” fitxan erakundearen datuak ageri dira, gurekin harremanetan jarri ahal izateko.