Aurkezpena

Zabalketa erakundeak 2007az geroztik "Zabaldu Mundura" izeneko hezkuntza estrategia bat bultzatzen du. Estrategia horren xedea da nazioarteko lankidetzaren arloan egiten dugun lana eta garapenerako hezkuntzaren arloan egiten duguna uztartzea.

Estrategia horren bidez, garapenerako lankidetzako proiektuek Hegoaldeko herrialdeetan hobekuntzak lortzeaz gain, Iparraldekoetan ere sentsibilizazio eta hezkuntza tresna bihurtzea lortzen dugu.

Horretarako, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten ditugu hezkuntza materialak, hain zuzen: unitate didaktikoak, bideoak, jardueren orriak, mapak eta argazkiak.

Ikasgelan material horiek erabiltzeko metodologia "Kasu metodoa" (1) deiturikoaren bidez gauzatzen da. Hau da, 4-5 pertsonako talde txikietan benetako arazo, premia edo kalteberatasun bat aztertzen da, eta egon daitezkeen irtenbide edo hobekuntza proposamenak aurkezten dira gainerako ikasleen aurrean, ikasgelan babestu eta eztabaidatu ahal izateko.

Zabalketan ikaskuntza metodologia hori aplikatzen ari gara Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide heziketako eta unibertsitateko ikastegietan, eta emaitza oso arrakastatsuak lortzen ari gara, ikasleek eta irakasleek egindako ebaluazioak oinarri hartuta.

2010ean, Zabalketak garapenerako lankidetzako proiektu batean oinarritutako bere lehen hezkuntza baliabidea argitaratu zuen: "Garapen iraunkorra Nor Yauyosen (Peru)".

2013an, bigarren hezkuntza baliabidea argitaratu zuen: "Garapen iraunkorraren esperientzia Boliviako Valles Cruceños eskualdean".

Aurten, 2015ean, hirugarren proposamena argitaratu dugu: "Erakundeak eta herritarren parte hartzea indartzeko esperientzia-Peru". Hirugarren hezkuntza proposamena "Garapen bidezkoa eta iraunkorra Andeetako komunitatean-Peru" izeneko lankidetza programatik sortu zen, eta aldez aurretik aipatutako beste bietan bezala, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak batera finantzatu du.

Hezkuntza baliabide honek oinarri hartzen duen programak ekonomiaren edo ingurumenaren arloko osagaiak baino nagusiagoa den gizartearen eta politikaren arloko osagai bat du. Ondorioz, hezkuntza baliabide hau gehiago bideratzen da gizartearen arloko edukiekin zuzenago lotuta dauden ikasketetan erabiltzera.

Bitarteko hau egiten parte hartu dute Zabalketa eta Red Sur de Cáritas de Perú sareko zuzendaritza eta teknikari taldeek; halaber, 3 pertsonako talde batek genero berdintasunaren, ingurumenaren eta giza eskubideen arloko ikuspuntuen txertaketa berrikusi eta baliozkotu du.

Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki komunitate hauetako pertsonei eta erakundeei: Acopía, Santo Domingo, Tactabamba, Huayrachapi, Miskiuno, Ttastapoyoncco, Asil eta Pantypata. Izan ere, haien lankidetza garrantzitsua eta eskuzabala izan da bi bideoak grabatzean, eta haien laguntzarik gabe, ezin izango genukeen lortu.

Material hau eta aurretik aipatutako biak Zabalketaren web orrian daude, eta Kredituen fitxan daude gurekin harremanetan jartzeko datuak.

(1) "Materialak erabiltzeko gida" fitxan dago metodo horri buruzko informazioa (gaztelaniaz soilik).

Experiencia de Fortalecimiento Institucional y Participación Ciudadana Sendotze Instituzionaleko eta Herritarren Partaidetzako esperientzia A Case of Institutional Reinforcement and Community Involvement

Egilea_ Zabalketa Elkartea de Cooperación y Desarrollo

Red Sur de Cáritas de Perú

Kofinantziazioa_ Eusko Jaurlaritza, Garapenerako
Lankidetzaren Euskal Agentzia

Lege Gordailua_ BI-33/2014

Dokumentu hau Zabalketaren web orrian dago:
www.zabalketa.org euskaraz, erderaz eta ingelesez.

Zabalketa Elkartea

Andres Larrazabal kalea 3, 2. ezkerra, 48930 Getxo

Telefonoak: 94.464.36.94 - 94.608.98.04

Email: zabalketa@zabalketa.org

Web: www.zabalketa.org

Creative Commons