Bidaiariak trenera!

Historian zehar munduan izan diren migrazio mugimendu nagusiak aipatu eta haien arrazoiak aztertuko ditugu. Ondoren, EAEko immigrazio eta emigrazioari buruzko datuak ezagutuko ditugu. Amaitzeko, nabarmenduko dugu zein aberasgarri den beste herrialde batzuetara bidaiatzea eta beste kultura batzuetako pertsonak ezagutzea.


Unitate didaktiko hau lantzeko, abiapuntu hartu dugu Lehen Hezkuntzako 6. mailako "Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezaguera" arloaren curriculum programazioa.

Elkar errespetatzea eta batak bestearengandik ikastea ezinbesteko balioak dira kulturartekotasunean oinarritutako bizikidetza lortzeko. Hori dela-eta, ikasturte honetako gai bat abiapuntu hartuta (biztanleria), migrazioa eta kultura aniztasuna aztertuko ditugu, eta ikusiko dugu hizkuntza, sinesmen, musika aniztasunak gizateria aberasten duela. - Migrazioaren arrazoiak zein diren eta zer ondorio dituen jakitea
- Interesa eta errespetua izatea gure herrira bizitzera datozen pertsonekiko
- Aniztasuna eta desberdintasuna elementu aberasgarritzat hartzea
- Euskal Autonomia Erkidegotik atzerrira bizitzera doazen pertsonek zer profil duten jakitea
- Migrazioari lotutako estereotipoak gezurtatzea - Migrazioak
- Kultura aniztasuna
- Gure gizarteko errealitate anitzari erreparatzea
- Errealitatea aztertzea
- Pertsona guztiak desberdinak garenez, errespetua sustatzea
- Kulturen arteko harremanak indartzea

Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna

Unitate honen bidez, ikasleek gainerako pertsonekin loturak eta harremanak ezartzea errazten duten gaitasunak garatuko dituzte; lotura eta harreman horiek, aldi berean, kultura berrietara hurbiltzea ahalbidetuko dute eta bizikidetasun globala sustatuko dute.

Grafikoen eta gogoetarako galderen bidez, ikasleek ulertuko dute migrazioek izan duten eta duten garrantzia egungo munduan eta EAEn, eta estereotipoak eta zeinahi diskriminazio gaindituko eta enpatiazko jarrera eta kulturen arteko trebetasunak garatuko dituzte.

Unitate honen bidez, gaur egungo gizartea hobeto ulertutzen da, batik bat aniztasuna duena ezaugarri: kulturala, soziala, erlijiosoa eta abar. Euskal Herriko aniztasuna aztertuko da espezifikoki.

Halaber, ikasleek gogoeta egingo dute EAEko pertsonak beste leku batzuetara bizitzera joatearen fenomenoari buruz.

Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna

Unitate didaktikoak, batetik, munduko aniztasunari buruzko aurretiazko ideiak eraldatzen lagunduko du, eta, bestetik, bizikidetza globalaren alde egiten duten jarrerak eta jokabideak sustatuko ditu.

Aniztasunari dagokionez ikasleek dituzten ezagutzei, pentsamenduei, balioei eta jarrerei buruzko analisia eta gogoeta egitetik abiatuta, asmoa da ikasleek ekarpena egitea bizikidetza globalari eta haren alde egitea.

Mugikortasunerako Giza Eskubidearen testua erreferentziatzat hartuta, pertsonek bizi nahi duten lekua askatasunez eta uneoro aukeratzeko duten ideia indartzen da.

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

Ahozko eta idatzizko komunikazioaren bidez, ikasleek sentimenduak, emozioak, bizipenak, ezagutzak eta pentsamenduak adierazi ahal izango dituzte, hain zuzen errealitate desberdinak interpretatzea eta ulertzea errazten dutenak eta, aldi berean, ikaskuntzak bereganatzea faboratzen dutenak.

Migrazioen gaiarekin lotuta, ikasleek hainbat testu aztertu ahal izango dituzte; hala nola biografikoak, arauemaileak, deskribatzaileak eta azalpenezkoak.

Gainera, hitz berriak ere ikasiko dituzte, immigrante eta emigrante esaterako, baita unitatean agertzen diren munduko herrialde asko ere.

Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitalaren garapena

Unitate honetan jasotzen den informazioa hainbat formatutan dago eskuragarri: testuak, irudiak, mapak, grafikoak, etab. Ikasleak antolatuko, erlazionatuko, erkatuko eta aztertuko du informazioa modu kritikoan, ezagutzan integratu eta, azkenean, komunikatu ahal izateko.

Aldi berean, unitate guztian zehar, ordenagailuaren, testu prozesadorearen eta Interneteko tresnen oinarrizko erabilera menderatu beharko da, ikasgelan teknologia berrien ohiko erabilerari eta gaitasun digitalaren garapenari lagunduz.

Zientzia-, teknologia eta osasun-kulturarako gaitasuna

Kultura desberdinek gaur egungo gizartearen eraikuntzan duten eragina aztertuko dute ikasleek: eraginak hizkuntzan, eragin gastronomikoak, eragina kultura jardueretan, eragina herriko saltokietan, etab.

Aldi berean, migrazio mugimenduei buruz eskaintzen diren datuen bidez, ikasleek hobeto interpretatu eta ulertu ahal izango dute geroz eta globalizatuagoa, elkarren artean konektatuagoa eta kultura artekoagoa den mundua.

Horrela, ikasleek bizitzea tokatzen zaien ingurunearekiko eta unearekiko jarrera irekiagoa eta begirunetsuagoa izango dute.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Unitate honen bidez, ikasketa teknikak garatuko dira, besteak beste:
- EAEko atzerritar gehienen jatorrizko herrialdeak ordenatuz.
- Elkarlaneko ikaskuntzaren bidez, egindako galderei banakako ekarpenak egitetik abiatuta.
- Ikasleek aldez aurretik duten informazioa eta ezagutza berreskuratuz.

Matematikarako gaitasuna

Unitate honek aukera emango du migrazio mugimenduekin lotutako elementu matematikoekin lan egiteko, hala nola data historikoekin, erromatar zenbakiekin, biztanleria ehunekoekin eta pertsona kopuruekin.

Halaber, eskalak interpretatzea erraztuko du jatorrizko herrialdearen araberako biztanle kopuruari eta datuen xehakapenari dagokionez; kasu honetan: emakumeen eta gizonen biztanleria.

Elementu matematiko horiek guztiek laguntzen diete ikasleei pentsamenduak antolatzen eta ikaskuntzari buruzko gogoeta egiten.

Kultura humanistiko eta artistikorako gaitasuna

Ikasleak jabetzen dira gure iragana nahiz gaur egungo gure errealitatea kultura desberdinetako gizonek eta emakumeek historian zehar egindako ekarpenen emaitza direla.
Unitate didaktiko honen bidez, gainerako pertsonekiko eta kulturekiko sentiberatasunaren alde egingo da, eta errespetua, tolerantzia eta solidariotasuna sustatuko dira.

Ikasleek bizi diren mundua modu irekiagoan eta xumeagoan hautemateko eta ulertzeko gaitasuna garatuko dute, beste pertsona eta kultura batzuk ezagutzea ahalbidetuz eta merezi duten balioa emanez.