Ametsen fabrika

Lanerako Giza Eskubidea zer den ikusiko dugu, eta 3 pertsona desberdinak ezagutuko ditugu, nahiz eta oztopo ugari aurkitu, ahalegin handiz lortu dute lan duina edukitzea.


Unitate didaktiko hau pentsatuta dago Lehen Hezkuntzako 5. mailako "Tutoretza" arloaren erabiltzeko.

Jakin badakigu gizaki guztiak berdinak garela eta eskubide berberak ditugula. Hala eta guztiz ere, mundua zatituta dago, eta alde handiak daude herrialdeen artean, herrialde bateko giza taldeen artean eta baita pertsonen artean ere: pertsona ezindua baldin bazara ala ez, etorkina baldin bazara ala ez, gizona edo emakumea baldin bazara ala ez.

Munduko pobreziak "emakume aurpegia" duela esan ohi dugu. Munduan txirotasunean bizi diren pertsonetatik, % 70 baino gehiago emakumeak dira, eta horixe adierazten du, hain zuzen ere, pobreziaren feminizazioa kontzeptuak.

Munduan mila milioi pertsonak baino gehiagok dute ezintasunen bat. Ezintasunen bat duten 5 pertsonatatik 4 garapen bidean dauden herrialdeetan bizi dira eta % 82, pobrezia mailaren azpitik.

Beste aldetik, 214 milioi pertsona migratzaileak dira; hots, munduko biztanleria osoaren % 3. Beraz, 33 pertsonatatik 1 jaioterria utzi eta beste leku batera doa bizitzera.

Lan duina eta kalitatezkoa pertsona guztientzat... horra hor txirotasunari eta gizarte bazterketari aurre egiteko moduetako bat, gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta toleranteagoa eraikitzeko, eta txirotasuna murrizteko (Milurtekoko Garapen Helburuetan lehena).
- Gogoeta egitea bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden giza taldeei buruz
- Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 23. artikuluak zer dioen jakitea
- Gogoeta egitea lanaren kontzeptuari buruz
- Pertsona guztiek, oinarrizko beharrak asetzeko, lan duina izateko eskubidea dutela aitortzea
- Milurtekoko Garapen Helburu hau (MGH) ezagutzea: Muturreko pobrezia murriztea
- Eskubide ekonomikoak
- Pobrezia
- Pertsona guztien lanerako eskubidea
- 1 MGH: muturreko pobrezia murriztea
- Munduko aberastasunaren banaketa desorekatua
- Gogoeta egitea testu batzuetatik abiatuta
- Ulermenezko irakurketa
- Beste errealitate batzuk aztertzea
- Beste errealitate eta egoera batzuk ezagutzeko interesa
- Beste pertsona batzuen lekuan jartzeko gaitasuna
- Beste kolektibo batzuen lana baloratzea
- Munduko beste leku batzuetako pertsonen egoeraz jabetzea

Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna

Unitate honetan bi giza eskubide lantzen dira (Lanerako Giza Eskubidea eta Berdintasunerako Eskubidea), eta pertsona guztiek lan duina izateak duen garrantzia nabarmentzen da, guztiok bizimodu duina izateko.

Unitateko jarduerek analisia eta gogoeta bultzatzen dute, lan duina lortu ezin duten kolektiboen zailtasunei buruz: hala nola emakumeak, ezgaitasunen bat duten pertsonak edo pertsona migratzaileak.

Ahaleginaren eta etengabe hobetzeko nahiaren bidez, lan duina eta aitorpena lortu dituzten pertsonen lekukotasunak eskaintzen dira.

Unitateak garrantzi berezia ematen dio pertsona guztien artean berdintasunezko harremanak sortzeari, eta Bizikidetza Globalerako trebetasunak sendotzen dira.

Gaitasun digitala eta informazioaren trataerakoa

Ikasleek tresna digitalak erabiliko dituzte (ordenagailua, Interneteko bilaketa tresnak eta testu prozesadorea) unitatean lantzen diren lekukotasunak aztertu eta horiei buruz gogoeta egiteko.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Unitate didaktikoan ematen diren lekukotasunen bidez, banakako eta taldekako gogoetarekin batera, beren ahalmen eta gaitasunez jabetzen laguntzen zaie ikasleei.

Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna

3 lekukotasunen irakurketa eta analisiaren bidez, hobetzeko eta aurrera egiteko ahaleginari lotutako esperientzia positiboak erakusten dira, baliagarri izan daitezkeenak ikasleen artean autoestimua indartzeko; hots, saiatuz gero etorkizunean beren helburuak betetzeko aukera handiak izango dituztela jabetzeko.

Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna

Unitate didaktikoan zehar, lan duina izateak pertsonentzat eta haien familientzat duen garrantziaz jabetuko dira ikasleak, eta horren eraginak ulertuko dituzte: osasun arloan (osasun fisikoa, buru osasuna, emozionala, etab.) eta arlo instrumentalean (ikastea, bidaiatzea, harremanak egitea, etab.).

Horretarako, kontakizun batzuk eskaintzen dira, eta ikasleek bizimodu batek beste baten aldean dituen ondorioak azter ditzakete. Azkenik, garapen sozioekonomikorako mesedegarri diren beste ekimen batzuk ere azaltzen zaizkie: hala nola Enplegu Berdea eta Biodibertsitatearen babesa.

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

Taldean, ikasleek lekukotasun bat aztertu eta ateratako ondorioak azalduko dituzte ikaskideen aurrean, eta beharrezkoa da horretarako entzuteko, argudiatzeko eta ahoz adierazteko trebetasunak lantzea.

Ikasleek beren ametsak idatzi eta ozen irakurriko dituzte: zer izan nahi duten adinez nagusi izatean eta zertan lan egin nahi duten.

Gainera, era kritikoan aztertuko dituzte kolektibo ahulenek lan duina lortzeko dituzten zailtasunei buruzko gizarte mezuak.

Azkenik, gizarte arloko eta Giza Eskubideen arloko hiztegi espezifikoa ikasi eta erabiliko dute.

Matematikarako gaitasuna

Unitatearen informazioaren zati bat era matematikoan ematen da, ehunekoen bitartez, eta gai izan behar dute ikasleek informazio hori ulertu eta bereganatzeko.
Elkartasunaren balioa lantzeko, pertsonen arteko batasuna sendotzen duten trebetasunak, jarrerak eta portaerak sustatzen dira.

Ikasleen ingurune hurbileko errealitatea eta beste errealitate batzuk aztertuz, eta horiek hobetzeko interesa bultzatuz, bizikidetza globala eta mundu bidezkoago eta solidarioago baten eraikuntza indartzen dira.

Unitate didaktikoak hobetzeko ahaleginaren garrantzia nabarmendu eta motibazioa eta aurrera egiteko pertsonen nahia azpimarratzen ditu, ezinbesteko jarrera baita zailtasunei aurre egin (ekonomikoak, pertsonalak, profesionalak, etab.) eta pertsona bakoitzak dituen helburuak betetzeko.

Azkenik, hobetzeko nahiaren balioari lotuta, pertsonek egunez egun aurrera egiteko duten ilusioa eta sakrifizio gaitasuna azpimarratzen dira.