Nire bizipen positiboak urarekin
Unitate honetan, urak eragiten dizkigun sentimenen adierazpena landuko dugu. Gainera, uraren garrantziaz jabetuko gara, bizipen positiboak eragiten dizkigulako eta zoriontsu eta alai sentiarazten gaituelako.
- Testuinguruan kokatzea arloaren barnean
Irakasgai horretan lantzen den curriculum edukietako bat sentimenak adieraztea da.
Unitate didaktiko honetan, beraz, urak eragiten dizkigun sentimenen adierazpena landuko dugu.
- Helburuak
- Ura aisiarako eta jolaserako elementu gisa baloratzea.
- 1990eko Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako Haurren Jolaserako Eskubidea ezagutze
- Urak duen funtsezko eginkizunaz jabetzea, baita gure bizi esperientzian duen garrantziaz ere
- Urak bizipen positiboak eragiten dizkigula ohartzea, zoriontsu eta alai sentiarazten gaituela
- Norberarenak ez diren bizipenak ezagutzea
- Edukiak
- Jolaserako eskubidea
- Sentimenak eta emozioak ahoz eta idatziz adieraztea
- Hainbat motatako hitzak sailkatzea
- Besteen bizipenak ezagutzeko interesa
- Uraren balioa aisiarako eta jolaserako elementu gisa
- Sentimenak eta emozioak adierazteko eta partekatzeko ahalmena
- Landutako oinarrizko gaitasunak
Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna
Unitate honetako jardueretan, ikasleek ahoz eta idatziz adierazi behar dituzte beren sentimenduak eta emozioak. Horretarako, ura aukeratu da erreferentziazko elementu gisa, aisiarako eta jolaserako ere balio duen baliabidea izanik.Ikasle bakoitzak urari lotuta izan duen esperientzia edo bizipen bat idatziko du, eta sentimenduekin eta emozioekin lotutako hiztegia erabiliko du horretarako.
Ondoren, urari lotutako esperientzien azalpenean erabili duten hiztegia aztertuko dute.
Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna
Ikasleek jakin badakite ura oso garrantzitsua dela gure osasun fisikoarentzat. Unitate honetan, osasun eta ongizate psikologiko eta emozionala ere ematen digula ohartuko dira, adibidez urarekin jolasean ibil gaitezkeelako, bakarka nahiz taldean.Gaitasun digitala eta informazioaren trataerakoa
Hizkuntza bisualaren eta ikonikoaren bidez, informazio garrantzitsua bilatu eta aukeratzeko ezagutzak eta trebetasunak eskuratuko dituzte ikasleek. Gero, galderei erantzuteko erabiliko dute informazio hori, urari lotutako esperientzia positiboaren kontakizuna osatu eta ikaskideei azaltzeko.Gainera, baliabide teknologikoen erabileran ere trebatuko dira: hala nola bideoak ikustea, dokumentuak deskargatzea eta softwarea erabiltzea (testu-prozesadorea).
Ikasten ikasteko gaitasuna
Ikasle bakoitzak bere ezagutzak eta esperientziak partekatuko ditu ikaskideekin, eta aldi berean besteen esperientzietatik ikasiko du.Bideoaren bidez, urrun bizi diren pertsonen esperientzien berri izan eta gauza berriak ikasiko dituzte.
Azkenik, kontakizunen jardueraren bitartez, beren esperientziei buruz gogoeta egin eta beren ezagutzak partekatuko dituzte, eta ikaskideen esperientzietatik ikasteko balioko die.
Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna
Unitate hau egokia da sentimenduak eta emozioak idatziz eta ahoz adierazten ikasteko, beharrezko gaitasuna gizartean bizitzeko.Bestetik, bideoaren bidez, sentimenduak eta emozioak adierazten dituen gorputz hizkuntza lantzen da. Hizkuntza hori unibertsala da kultura guztietan.
Ikasleek beren iritziak emateko aukera dute, bideoa ikusi ondorengo eztabaidan eta esperientzia pertsonalak bateratzeko lanean.
Proposatutako jarduerei esker, ikasleek beste era bateko jolas eta aisia moduak eta esperientziak aztertuko dituzte, eta norberarena ez bezalako bizimoduak ezagutzeko interesa piztuko die.
Unitateak Jolaserako Eskubidearen aipamena egiten du, Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko 1990eko Konbentzioan aldarrikatu zena.
Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna
Ikasle bakoitzak bere kontakizuna idatziko du urarekin zerikusia duen esperientzia edo bizipen positibo bati buruz. Ondorioz, norbanakoaren ekimena bultzatzen da, zer kontatu nahi den eta nola egin nahi den aukeratzean.Sentimenduen eta emozioen hizkuntza erabilita, bi helburu betetzen dira: alde batetik, nork bere nortasuna ezagutzea eta adieraztea; bestetik, besteekiko komunikazio trukea, ikaskideen kontakizunak entzutean.
Kultura humanistiko eta artistikorako gaitasuna
Unitate honek lotu egiten ditu bideoaren ikus-entzunezko hizkuntza eta ikasleek honako gai honi buruz idatzitako testua: nire esperientzia positiboa urarekin.Horrela, sentimenduak eta emozioak adierazteko modu artistikoak baloratzen dituzte, hizkuntza artistikoen elementu batzuk erabiltzen ikastearekin batera (adjektiboak, esamoldeak, enkoadraketak, argia…).
- Landutako balioak
Era berean, izadiaren balioa nabarmentzen da, uraren bidez kasu honetan, bizirako eta jolaserako elementu gisa, eta pertsonen garapen sozial, emozional eta psikologikorako duen garrantzia azpimarratzen da.