Beharrak
Unitate didaktiko honetan, oinarrizko beharrak zer diren eta kontsumo arduratsua zertan datzan jakingo dugu.
- Testuinguruan kokatzea arloaren barnean
"Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen" arloan lantzen den curriculum edukietako bat Kontsumo Arduratsua da.
Kontsumo gizartean bizi gara. Beraz, kontsumoa kultura bihurtu da; hots, mundua ikusteko, ulertzeko eta azaltzeko modu bat. Azken batean, pertsonen portaera zuzentzeko modu bihurtu da. Horretaz jakitun, kontsumo kontziente eta arduratsua sustatu behar dugu. Geure gain hartu behar dugu kontsumitzeak gizartean, ekonomian eta ingurumenean dakartzan ondorioen erantzukizuna. Horretarako, garrantzitsua da jakitea zer diren oinarrizko beharrak eta zertan dantzan kontsumo arduratsua.
- Helburuak
- Gure oinarrizko beharrak aztertzea eta albo batera utz ditzakegun bigarren mailako beharrak identifikatzea
- Arduraz kontsumitzeko ohiturak sustatzea
- Beste errealitate batzuk ezagutzea
- Edukiak
- Kontsumo arduratsua
- Testuen, datuen eta irudien inguruko analisia eta gogoeta
- Kontzeptuen arteko erlazioa
- Ahozko adierazpena
- Hitz egiteko txanda errespetatzea
- Beste errealitate batzuk ezagutzea eta baloratzea
- Besteen lekuan jartzeko gaitasuna
- Landutako oinarrizko gaitasunak
Gaitasun digitala eta informazioaren trataerakoa
Unitateak hainbat formatutan ematen du informazioa: testuak, irudiak, bideoak, etab.Ikasleek ariketa kognitiboak egin behar dituzte informazioarekin: hala nola informazio bat beste batekin erlazionatu; kritikoki aztertu; argi komunikatu; azkenik, informazioa ulertu eta nork bere jakintzan integratu.
Gainera, unitatea ondo garatzeko, ezinbestekoa da ordenagailuaren eta Interneten oinarrizko erabilera menderatzea. Horrela, gaitasun digitala lantzen da eta teknologia berriak Hezkuntza Arautuan txertatzen dira.
Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna
Unitate didaktiko honek gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna lantzen du.Hasteko, pertsona guztiak kontsumitzaileak direla aintzat harturik, ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzean guztiok dugun erantzukizunaz jabetzen laguntzen die ikasleei.
Gainera, bizikidetza globalaren alde egiten du: alde batetik, pertsonen arteko eta kulturen arteko desberdintasunak baloratzen ditu; bestetik, pertsona guztiak eta kultura guztiak berdintzen ditu, oinarritzat harturik haien oinarrizko eskubideak eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak.
Horrekin batera, ikasleen ingurune hurbila ulertzen laguntzen du (familia, lagunak, etab.), baita beste ingurune batzuk ere, emozioen, sentimenduen eta besteekiko harremanen bitartez, beste ikuspuntu eta errealitate batzuen ulermena eta enpatia indartuz.
Ikasleei gurea ez bezalako beste gizarte eta kultura batzuk ikusaraziz, beste era bateko jarrerak lantzen dira kontsumoaren gaiari dagokionez.
Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna
Ikasleak beren kontsumo ohiturak aztertuz hasiko dira, eta gogoeta egingo dute ardurarik gabe kontsumitzeak izan ditzakeen ondorioez.Gainera, kontsumo arduratsuaren mesederako diren eta elkartasuna sendotzen duten pentsamoldeak eta jokamoldeak landuko dira.
Azkenik, ikasleen kontsumo moduak norberaren bizi kalitatean eta beste pertsonengan eta ingurumenean dituen ondorioez jabetzen lagunduko zaie.
Ikasten ikasteko gaitasuna
Unitate didaktikoak ikasleen ikasten ikasteko gaitasuna lantzen du. Hain zuzen, gogoeta egiten dute kontsumoaz eta norberaren beharrez dakitenari buruz, eta, ondoren, ikasitakoa prozesatu eta asimilatzen dute, eguneroko bizitzan eta inguru hurbilean era praktikoan erabiltzeko.Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna
Unitatearen antolamenduari esker, ikasleek hizkuntza idatzia eta ahozkoa lantzen dituzte, ikasitakoa ahoz nahiz idatziz sistematizatuz eta azalduz. Horrek diskurtso koherente bat garatzen laguntzen die, argudioetan oinarritua, nork bere ikuspuntua defendatzeko, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako elkarrizketak eta eztabaidak sortzen dira.Gainera, unitatean zehar, ikasleek hiztegi espezifiko bat ikasi eta erabiltzen dute. (1. jarduera)
Kultura humanistiko eta artistikorako gaitasuna
3. eta 4. jardueretan, beste kultura batzuetako kontsumo ohituren berri izango dute ikasleek, eta kontsumitzeko beste modu batzuk ezagutuko dituzte.6. jarduerak ikasleen sormena garatzen du, koloreak, formak, konposizioak… erabiliz, eta ekimena, talde lana eta erabakiak hartzeko gaitasuna sustatzen ditu.
Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna
Unitatearen helburua ikasleek beren kontsumo ohiturez gogoeta egitea da (zer kontsumitzen duten, zergatik, nola…), era arduratsuan kontsumitzera bultzatuko dituzten erabakiak har ditzaten.- Landutako balioak
Gainera, beste errealitate batzuekiko enpatia eta sentikortasuna indartzen ditu, eta kontsumo arduratsuaren balioa sendotu, naturarekin, pertsonekin eta kulturekin erlazionatzeko modu egoki gisa.