Beharrak

Unitate didaktiko honetan, oinarrizko beharrak zer diren eta kontsumo arduratsua zertan datzan jakingo dugu.


Irakurri arretaz testua.

Gizaki guztiok behar batzuk ase behar ditugu bizi ahal izateko: arnas hartu behar dugu, jan egin behar dugu, geure burua babestu, lagunak izan, botikak hartu, etab. AEBko Abraham Maslow psikologoak piramide batean kokatu zituen behar horiek guztiak.
Ikus dezagun marrazki batean. Sakatu play:

Piramidearen oinarrian, lehen mailako beharrak jarri zituen: hazten jarraitzeko eta goiko mailetara igotzeko ase behar ditugun beharrak.

Lehen mailan, behar fisiologikoak daude; hala nola jateko beharra, arnas hartzekoa, lo egitekoa, etab.

Bigarren mailan, babesari eta segurtasunari loturiko beharrak daude: seguru sentitu behar dugu, familiaren babesa behar dugu, gure gurasoek lan egokia edukitzea, osasuntsu egotea, etab.

Hirugarren mailan, tarteko edo kide izatearen beharra dago: hau da, lagunak behar ditugu, familia behar dugu, ikastalde batekoak izatea, talde batekoak, etab.

Laugarren mailan, estimu eta errekonozimendu beharra dago: autoestimua behar dugu, besteen errespetua eta aitorpena, gauzak ongi egiten ari garela adieraziko diguna.

Bosgarren eta azken mailan, nork bere burua garatzeko beharra dago: sormena, aurreiritzi falta, gauzak onartzea, arazoak modu positiboan konpontzea, bortizkeriarik gabe, etab.