Uraren Kontsumoa

Ura munduan nola banatuta dagoen jakiteaz gainera, egunean kontsumitzen dugun ur kantitatea kalkulatu eta munduko beste leku batzuetan kontsumitzen denarekin konparatuko dugu.


Unitate didaktiko hau lantzeko, abiapuntu hartu dugu Lehen Hezkuntzako 5. mailako "Matematika" arloaren curriculum programazioa.

Ikasturte honetan lantzen diren edukiak oinarri hartuta (zatikiak, ehunekoak eta neurri unitateen arteko erlazioa), gogoeta egingo dugu ikasleek kontsumitzen duten ur kantitateari eta beste leku batzuetan kontsumitzen diren kopuruei buruz.
- Ura agortu egin daitekeen baliabide bat dela ohartzea
- Matematikako gaitasunak erabiltzea (ehunekoak, zatikiak eta kalkulua) ura eskuratu eta kontsumitzeko giza eskubidea aztertzeko
- Gogoeta egitea uraren kontsumoari buruz
- Beste errealitate batzuk ezagutzea
- Ehunekoak
- Zatikiak
- Ehunekoen ulermenezko irakurketa
- Ehunekoak konparatzea
- Ehunekoei buruzko problemak ebaztea
- Datuak aztertzea
- Nork bere ur kontsumoa zenbatekoa den jakitea eta ura zaintzeak duen garrantziaz jabetzea
- Ehunekoak kalkulatzen ikasteko interesa eta eguneroko bizitzan duten balioaz jabetzea
- Munduko beste errealitate batzuk ezagutzeko interesa

Matematikarako gaitasuna

Zenbaki motak bereiziz (naturalak, frakzioak eta ehunekoak) eta zenbaki horiek unitatean planteatutako jardueretan erabiliz, matematikarako gaitasuna lantzen da.

Ikasleek frakzio bihurtuko dituzte ehunekotan adierazitako kopuruak, eta eragiketa matematikoak egingo dituzte ur kontsumo pertsonala kalkulatzeko. Ondoren, beste herrialde batzuetako kontsumoarekin konparatuko dute.

Gainera, hizkuntza matematikoa landuko dute eguneroko bizitzako hainbat eginkizun eta jardueraren berri emateko; hala nola higiene pertsonalarekin lotutakoak.

Amaitzeko, matematika jakintzak erabiliko dituzte beste arlo batzuetan: adibidez, Ura izateko Giza Eskubidea eta uraren erabilera arduratsua.

Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna

Unitateko grafiko eta irudien bitartez, munduko hainbat eskualdetako ur kontsumo desberdinak uler daitezke, eta ura denon artean zaindu beharreko baliabide naturala dela ulertuko dute ikasleek.

Ikasleek beren ur kontsumoa adieraziko dute grafiko batean, eta planetako beste herrialde batzuetako kontsumoarekin alderatuko dute. Horrela, beren kontsumo ohiturak aztertzeaz batera, uraren zaintza eta kontserbazioaren garrantziaz jabetuko dira, eta kontsumo arduratsuaren mesederako izango da hori.

Gaitasun digitala eta informazioaren trataerakoa

Ikasleek zenbakiak, ehunekoak eta frakzioak erabiliko dituzte munduko ur kontsumoari buruzko informazioa ulertzeko.

Gainera, hizkuntza grafikoa erabiliko dute, bainuontziaren edo probeten bidez, errealitateari buruzko informazioa interpretatu eta beren ezagutza osatzeko.

Azkenik, buruzko kalkulua, kalkulagailuak edo informatikako programak ere erabiliko dituzte, beren ur kontsumoak kalkulatzeko.

Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna

Matematikako problemen ebazpenari lotutako edukien bidez, ikasleen autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna indartzen da, eta aukera ematen die horrek errealitatea ulertzeko eta ur kontsumoa txikitzeko estrategiak praktikan jartzeko.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Edateko ura eskura duten pertsonen 1/7 proportzioari dagokionez, informazio hori zabaldu ahal izango dute ikasleek beren ingurune hurbilean (gelako edo ikastetxeko ikaskideak).

5. jardueraren bidez, konparaketa, gogoeta eta kontzientziazioa lantzen dira, bi norabidetan: alde batetik, gure ur kontsumoaz eta munduko beste eskualde batzuetako kontsumoaz jada badakiguna; bestetik, unitatean ikasi dena. Gainera, ikasleak ikasitakoa hitzen bitartez azaltzen ahalegintzen dira, ahozko eta idatzizko hizkuntzaren bidez.

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

Unitate honetako jardueretan, ikasleak hizkuntza matematikoaren erabileran trebatzen dira (ehunekoak, frakzioak, etab.), ahoz nahiz idatziz, eta eguneroko bizitzan era naturalean txertatzen dute hizkuntza hori; hala nola uraren erabileraz eta kontsumoaz hitz egitean.

Gainera, azalpenak argudiatzen ahalegintzean, arrazoibide logikoa, ulermenezko argudioa eta pentsamendu kritikoa lantzen dituzte. Horrekin batera, uraren zaintza eta kontserbazioari buruz ikaskideek emandako azalpenak entzuten eta kontuan hartzen ikasten dute.

Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna

Unitate didaktiko honek gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna garatzen laguntzen du, era honetan: alde batetik, ikasleen ingurune hurbila ulertzen laguntzen du (edateko uraren kontsumo pertsonala, ur kontsumoa EAEn); bestetik, beste errealitate batzuk erakusten dizkie; hala nola uraren kontsumoa Mozanbiken edo uraren egoera globala munduan.
Unitatearen xedeetako bat ikasleak ura zaintzeak duen garrantziaz jabetzea da, beharrezkoa baita gure eta beste pertsonen ongizaterako.

Gainera, beste errealitate batzuekiko enpatia eta sentikortasuna lantzearekin batera, kontsumo arduratsuaren balioa sustatzen da, naturarekin, pertsonekin eta kulturekin era errespetutsuan jarduteko modu gisa.