Soinu nahastea

Bost kontinenteetako musika tresna ugari ezagutu, aztertu eta entzungo ditugu. Musika aniztasuna egiazko altxorra da, kultur aberastasun handia ematen digulako.


Unitate didaktiko hau lantzeko, abiapuntu hartu dugu Lehen Hezkuntzako 5. mailako "Arte hezkuntza" arloaren curriculum programazioa.

Kultura ez da kontzeptu itxi bat, bilakaeran dagoen zerbait baizik, eta aberastu egiten da etengabe beste kultura batzuekiko bizikidetzan. Beste kultura eta herri batzuek zer balio eta ohitura dituzten jakiteak beste errealitate batzuetara hurbiltzen ditu ikasleak, eta aukera ematen die beren buruak aberasteko, antzekotasunak eta desberdintasunak aztertuta.

Hori horrela, ikasturte honetan lantzen den edukietako batetik abiatuta (musika erabiltzea sentipenak eta egoerak adierazteko), gogoeta egingo dugu beste kultura batzuek gurean duten eraginaz. Izan ere, truke horri esker, kulturartekotasuna sendotzen duten tolerantzia, errespetua eta antzeko balioak landu daitezke ikasleen artean. - Beste musika adierazpen batzuk ezagutzea
- Hainbat instrumenturen ezaugarriak aztertzea
- Mestizajearen garrantzia, aberastasuna eta balioa ulertzea
- Beste kultura batzuk ezagutzea eta baloratzea, musikaren bidez
- Euskal Herriko eta beste kultura batzuetako musika tresnak
- Munduko musikak
- Ulermenezko irakurketa
- Informazioa bilatzea
- Entzuketa aktiboa
- Musika tresna batzuen jatorria ezagutzeko interesa
- Mestizajearen garrantziaz jabetzea
- Besteen iritziak errespetatzea eta kontuan hartzea
- Beste herri batzuetako musika aberastasuna aintzat hartzea
- Musikaz gozatzea

Kultura humanistiko eta artistikorako gaitasuna

Unitateko jarduerek musikaren garrantziaz jabetzen laguntzen dute, gizarte guztietan eta garai guztietan adierazteko eta komunikatzeko baliabide izan den aldetik.

Musikaren eta musika-tresnen bitartez, munduko kultura aniztasunera eta aniztasun horren aberastasunera hurbilduko dira ikasleak, eta hurbileko nahiz urruneko kulturak ezagutuko dituzte, gurearen antzekoak edo oso bestelakoak direnak.

Gainera, hainbat instrumenturen formei eta materialei erreparatzeaz gainera, haien soinuak aztertu eta bereizi egingo dituzte.

Gaitasun digitala eta informazioaren trataerakoa

Ikasleek musika-tresna batzuen soinuak entzun eta aztertuko dituzte.

Instrumentu gogokoenaren jardueraren bitartez, informazioa eta irudiak bilatzeko gaitasuna sendotzen da.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Ikasleek hainbat musika-tresnaren soinuak entzun eta soinu horiekin esperimentatuko dute, eta musika-tresnen dibertsitate handiaz jabetuko dira horrenbestez, instrumentuen forma, material eta tamainei dagokienez.

Gainera, musika-tresnen bidez, euskal kulturan eta beste herri batzuetako kulturan sakonduko dute.

Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna

Unitatean zehar, ikasleek Euskal Herriko eta mundu osoko musika-tresnak ezagutu eta entzungo dituzte.

Behaketaren, esperimentazioaren eta aurkikuntzaren bidez, lotu egingo dituzte musika-tresnen soinuak eta haien izenak, irudiak eta jatorriak, eta beste adierazpen modu batzuk aztertu eta ezagutuko dituzte.

Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna

Hainbat musika-tresna identifikatu ondoren, gehien gustatzen zaien eta gogokoen duten instrumentua aukeratzeko eskatuko zaie. Horrek bere kabuz eta era autonomoan aukeratzera bultzatuko du ikasle bakoitza.

Jarduera honi esker, ikasleek ikaskideen aukeraketa eta erabakia onartzen ikasten dute, eta, aldi berean, talde osoak ikasle bakoitzak eginiko aukera onartzen du.

Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna

Musika-tresnak erakutsita eta aztertuta, errealitatea ulertzeko eta munduan bizitzeko beste modu batzuk ikusarazten zaizkie ikasleei. Ondorioz, kultura aniztasunaz jabetu eta dibertsitateak eta mestizajeak gizartean duten garrantzia, aberastasuna eta balioa baloratzen dituzte.

Alde batetik, ikasle bakoitzak gogokoen duen musika-tresna aukeratu eta poster bat osatzen du, bere aukeraketaren arrazoiak emanez, eta norbanakoaren nortasuna garatzen laguntzen du horrek. Bestetik, poster guztiak liburu batean bilduz, talde bateko kide izatearen sentimendua sendotzen da.

Gainera, musika-tresnen liburu kolektibo hori lantzean, honako hauek ere garatzen dira: lankidetza, arauak eta jarraibideak betetzea, eta ondasunen zaintza eta kontserbazioa (liburua, kasu honetan).

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

Ikasleek mundu osoko hainbat musika-tresnaren deskribapena irakurriko dute, eta arlo honetako hiztegi espezifikoa ikasiko dute horrela.

Ondoren, dokumentu bat sortuko dute, gustukoen duten instrumentuaren deskribapenarekin. Lan horretan, musikarekin eta musika-tresnekin erlazionatutako hiztegia, irudiak, testuak… erabiliko dituzte.
Unitatean zehar, elkarren artean lotura handia duten hiru balio lantzen dira, gizarte bizikidetzarako garrantzitsuak direnak.

Ikasleek ikaskideen gustu eta joera musikalak onartzen dituztenean, norberarenak ez bezalako gustuak, tolerantziaren balioa lantzen da.

Errespetua tolerantziari oso lotuta dagoen balioa da. Unitatean, munduko kulturak baloratzen ikasten dute ikasleek, musika-tresnen bitartez.

Talde lanari dagokionez, lana taldean egiten jakitea baliagarri zaie denen artean liburu bat egiteko, gustukoen dituzten instrumentuen deskribapenekin eta irudiekin.