Kaqninpuran-Berdintasuna

Karta-joko berri bat dugu, kasu honetan etxean eta etxetik kanpo egiten ditugun jardueretan genero-berdintasuna txertatzeko.

Oihana Olano Peon, Alaitz Quinquilla Berasategui eta Oihane Vergara Pueyo dira joko hau sortu duten 3 ikasleak eta Tolosako (Gipuzkoa) Inmakulada Lanbide Ikastolan “Gizarteratzea” goi mailako LH zikloa amaitzear dute.

Zabalketarekin batera, Bolivian kokatutako kasu praktiko bat landu dute. Bertan, erabaki sozial eta politikorako guneetan landa eremuko emakumeen parte-hartzea handitzea izan dute erronka. Emakume horien parte-hartzea geldiarazten zuen arrazoietako bat ugalketa- eta zaintza-rolak emakumeekin eta produkzio-rolak gizonekin lotzea izan zen.

Jolas erraz horren bidez, 6-12 urteko haurrekin landu nahi da produkzio-rolak eta ugalketa-rolak emakumeenak nahiz gizonenak direla.

Jokoak oso dinamika ezaguna du: karta guztiei buelta ematen diegu, ahoz behera jartzen ditugu eta bikoteak osatzea lortu behar da. Bikote bat, adibidez, gizon bat arropa esekitzen eta emakume bat arropa esekitzen. Beste bikote bat hau izango zen: emakume bat diskurtso politikoa ematen, eta gizon bat diskurtso politikoa ematen. Eta horrela 13 bikote desberdin daude.

Boliviako Valle Cruceños eskualdean girotuta dagoen jokoak, gainera, bertako Instituto de Capacitación del Oriente-ICO aholkularitza tekniko garrantzitsua eta beharrezkoa izan du elaborazio-prozesu osoan. Erakunde honek 40 urte baino gehiago daramatza inguru horretako pertsonak eta ingurumena zaintzen.

Espero dugu jolas eder honen bidez asko ikastea eta genero-rolen inguruan ditugun ideiak eta jarrerak aldatzea.