Getxon egin diren topaketen eta ibilbideen bidez, ingurumenean eta kulturan sentsibilizatu eta formatu eta herritarrek lurraldearekiko duten nortasunaren eta loturaren garrantzia nabarmendu nahi da, Getxo jasangarri eta bidezko baten eraikuntzan protagonistak eta aliatuak baikara.
Ekimenaren antolatzailea Getxoko ZABALKETA GGKE da, Ibar Nagusien Etxea lankide eta Getxoko Udala babesle izanik.
Berrikuntza ekosozialeko proiektu honek Getxoko 65 urtetik gorako emakume zein gizonen ikusgarritasuna, parte-hartzea, inklusioa, prestakuntza eta ahalduntzea sustatu nahi ditu.
Proiektuak kiroletik, kulturatik, historiatik… ekarpenak egin dituzten udalerriko pertsonekin elkartzeko eta gertutik ezagutzeko aukera ematen digu.
Proiektuaren bidez Getxoko natura eta paisaia baliabideak eta biodibertsitatea nabarmendu nahi dira.
1.- HAIZEAREN IBILBIDEA, 2023ko MAIATZAREN 9a
Lehenengo ibilbidean, HAIZEA izan dugu bidelagun: inguratzen gaituenari (landareak, animaliak, arrokak) eta egiten dugunari (surfa, parapentea, arrantza, hegaztien begiztatzea… ) forma ematen dio, batez ere, Getxoko kostaldean. Ibilbide gidatu honetan Getxoko historian jarri dugu arreta: geologia eta gizartea. Itsaslabarretan zehar ibili gara eta Elvira Larrazabal izan dugu gurekin, estatuko lehenengo emakume golf jokalari profesionala. Bere bizi esperientzia inspiratzailea da, emakume izan arren gizonentzako eta klase altuko pertsonentzako zela uste zen kirol batean murgildu baitzen.
2.- URAREN IBILBIDEA, 2023ko UZTAILAREN 4a
Bigarren ibilbide honetan, URAren eskutik ibili gara, Bolue hezegunea bisitatuz eta Larrañazubi ibaia jarraituz, Martiartu dorrearen aurrean bando-gerraren historian murgildu arte. Bertako florari buruz ikasten gozatu eta Getxoko landa-eremu honek markatzen duen XIV-XVI. mendeetako emakumeen bizitzari buruz hausnartu dugu.
3.- GURE HISTORIAREN IBILBIDEA, 2023ko AZAROAREN 7a
Hirugarren eta azken ibilbidean, Romo auzoa arakatu dugu Paco Blanco bertako kronikariaren eskutik. Denboran zeharreko bidaia horrek 1855ean padura eta hareatza zaharrak desamortizatu zirenetik 1960ra arte eraman gaitu, urte horretan instituzionalki onartzen baita auzoaren nortasuna. Gainera, Romon jaio edo auzotik igaro diren pertsonen izenak berreskuratu ditugu, Matías Romo, Jesús Escauriaza, María Goyri edo Dolores Sainz Isasi, esaterako.
4.- ITXIERA JARDUNALDIA: Proiektuaren testigantzak, 2023KO ABENDUAREN 20A
Itxiera-jardunaldian, proiektuaren esparruan bizitako ikaskuntza eta esperientzia baliotsuak oroitu dira. Oro har, arakatutako hiru ibilbideak gogoratu dira, baita leku horietan bizi direnen istorioak ere, Ibar Nagusien Etxeko egoitza berrian egindako argazki erakusketa baten eskutik.
Hona hemen topaketan parte hartu duten pertsonen testigantzak eta hausnarketak:
“Asko gustatu zitzaidan ibilbidea eta Romoren historia ezagutzea. Romon berrogeita urte baino gehiago lanean eman ondoren, proiektuari esker, haren historia ezagutu ahal izan dut.” -Trini-
“Adineko pertsonen interakzioa eta soziabilitatea sustatzen lagunduko duten ekimenak biderkatu behar dira.” -Patxi-
“Romo ezagutzeko irteera oso interesgarria iruditu zitzaidan.” -Nely-
“Adinekook bizitza osoan zehar lortutako gaitasunen multzoa eskain dezakegu gizarteari borondatez eskaintzeko, eta hortik etekin partekatuak lortuko ditugu.” -Pako-
“Aukera bat izan da Romo (historia, pasadizoak eta gertatutakoak) urte asko bizi ondoren ezagutzeko.” -Pili-