“Ekimen txikiak, eragin handiak” Getxoko ZABALKETA GGKEaren ekimena da.
2015ean, guztira 193 herrialdek 2030. urterako garapen helburu jakin batzuk lortzearen aldeko apustua egin zuten. Ideia erakargarri honen helburua herrialdeek, elkarteek, gizarte erakundeek eta pertsona guztiek bat egitea zen, eta horretarako lan egiteko konpromisoa hartu zuten munduko herritar guztiek oparotasuna eta aukera berdintasuna izateko: inor ere atzean utzi gabe. Ikuspuntu “jasangarri” batetik begiratuta: guztiona den etxea zaintzeko. Garapen Jasangarrirako Helburuak deitzen zen proiektua: “GJH”

Nazio Batuek 5 talde handitan sailkatzen dituzte 17 GJH-ak: Pertsonak (People), Oparotasuna (Prosperity), Planeta (Planet), Bakea (Peace) eta Itunak (Partnership).





Jarraian Getxoko 17 pertsonek helburu horiei egindako ekarpena aurkeztuko dizugu. Agian ezagutuko dituzun eta kalean ikusi dituzun pertsonen istorioak dira. Ez dira filmetako heroiak, pertsona arruntak dira, eta istorio xumeak eta ineteres anitzak dituzte. Horietako bakoitzak bere aletxoa gehitzen du. Bakoitzak berea. Norberaren interesen arabera, betiere espiritu ireki eta atseginarekin. Haien eredu eta konpromisoarekin inspirazio iturri izan daitezke zuk ere hausnar dezazun nola lagundu dezakezun.
Getxon eta Getxotik ez dugu nahi inor atzean geratzerik.

IÑAKI GONZÁLEZ
1 GJH: POBREZIA DESGERRARAZTEA
“Bat egiten badugu deuseztatu dezakegu”
“Pertsona geldiezina naiz”
Oso pertsona aktiboa naizela uste dut. Erretiratu nintzenean ez nuen etxean geratu nahi eta nire denbora librea gizarte ekimenetan emango nuela erabaki nuen. Horregatik ari naiz Euskadiko kultura eta kirol ekitaldiak antolatzen eta sustatzen laguntzen. Hori da nik jartzen dudan aletxoa.
Egun boluntarioa naiz Zabalketa elkartean, SOLIDARIUP proiektuan. Oso proiektu polita da, elkartasunezko keinu txikiekin gure inguru hurbileko pertsonen zaurgarritasun egoera hobetzea du helburu. Zabalketan badakite beti nagoela prest edozer gauza egiteko beharrezkoa denean eta laguntza behar dutenean. Gainera, gizartean gertatzen denaren berri izatea gustatzen zait, eta horregatik eztabaidetara eta hitzaldietara joaten naiz, iritziak entzuteko eta partekatzeko. Nire ustez, ikuspuntuak eta iritziak partekatuta aurrera egin dezakegu gaur egun oraindik dauden bidegabekeriak deuseztatzeko.
Laburbilduz: eskueran dudana egitea erabaki dut, hau da, ez naiz soilik kexatuko. Gainera, horrek ondo sentiarazten nau. Benetan uste dut denok konpromisoa hartuta eta bat eginda pobrezia deuseztatu dezakegula.

JAVIER GARAY
2 GJH: GOSERIK EZ
“Gosea pobreziaren ondorio da”
Javier naiz, Getxon bizi naiz eta Algortako Bariko San Nikolas elizako apaiza naiz. 2021ean hemen sortu zen “San Nikolas Zabalik” elkartea. Gainera, parrokian gizarte ekintzaren arduraduna naiz.
Artzain jarduerez gain, hainbat gizarte proiektu ditugu udalerrian gizarte zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden pertsona guztientzako. Helburua laguntzea, orientatzea eta zaintzea da, pertsona guztiak gizarteratzeko eta inor bakarrik ez sentitzeko.
Parrokian sustatu genuen gizarte ekintzetako bat “MER+, elikagaien kudeaketa solidarioa” izan zen. Nabarmentzekoa da, ingurumena eta kontsumo arduratsua zaintzeaz arduratzen dela. Hainbat arrazoi direla eta saldu ezin diren baina ondo dauden elikagaiak batzen eta erabiltzen ditugu. Tokiko saltokiek dohaintzan ematen dizkigute, eta elikagai horiekin, baliabiderik ez duten familien elikadura premia larriak betetzen ditugu. Helburua da beharra duen pertsonak anai-arrebatzat hartzea, eta, horrela, laguntza bihotzez emango da, pertsona horien duintasuna eta autonomia indartzeko. Gainera, zentzurik gabe zaborrera botatzen den elikagai kopuru nabarmena murrizten dugu.

NAOMI HASSON
3 GJH: OSASUNA ETA ONGIZATEA
“Zaintza eta laguntza guztion erantzukizuna da”
Irlandarra naiz baina bizitza erdia eman dut Euskadin. Erizaina naiz eta zainketa aringarrietan eta doluan laguntzean aditua naiz. Doble Sonrisa fundazioan egiten dut lan eta Getxo Zurekin proiektuaren arduraduna naiz. Ekimen komunitarioa da, eta horren bidez laguntza ematen diegu mendekotasun egoeran dauden pertsonei, oso gaixorik daudenei edota zainketa aringarriak behar dituzten pertsonei, baita bakarrik dauden pertsonei ere (doluagatik eta heriotzarekin zerikusia duten beste inguruabar batzuengatik).
2017tik espazio komunitarioak sortu ditugu gure auzokideon minari aurre egiteko eta laguntzeko. Hainbat espazio daude: “death cafés”, “kafea eta konpainia”, “dolu taldeak eta elkarri laguntzea”, “superheroiak”, etab. Gainera, antzerki komunitarioa eta bakarkako laguntza ere eskaintzen ditugu. Ikuspegi berritzailea da, sare komunitarioak ehuntzera bideratuta dago, bereziki, bizitzako azken aldian. Izan ere, lehenago edo beranduago, guztiok biziko dugu une hori. Jardueren bidez normalean aipatzen ez dena normalizatu nahi dugu: ziur gaude ekintza txiki horien bidez, begietara begiratzen dugun pertsonok, besteon sufritzeko modua alda dezakegula. Udalerri errukior bat sortzearen aldeko apustua da, sufrimenduari aurrez aurre begiratzen dion komunitatea eraikitzeko, ihes egin gabe.

JOAQUIN LLAGUNO
4 GJH: KALITATEZKO HEZKUNTZA
“Nire ametsa haurren hezkuntzan, prestakuntzan eta irakaskuntzan lan egitea da”
Joaquín naiz eta zoriontsua naiz. Nire nerabezaroan hainbat egoera bizi behar izan ditut, batzuk zailak izan ziren, baina beti borrokatu izan dut nire ametsak lortzeko. Txikitan Gaztelueta ikastetxera joan nintzen. Bertan, nire irakasle eta logopeda zenarekin “avance sin límite” (euskaraz, “mugarik gabe aurrera egin”) izeneko blog bat sortu nuen. Horren bidez, behar bereziak zituzten ikasleentzako egokitutako materialak partekatzen genituen. Argi zegoen askotan arazoak ez zuela gaitasunekin zerikusirik, aukerekin baizik.
Hortik aurrera, nire irakurtzeko grina piztu zen erabat, eta Gaude elkartearen jardueretan parte-hartzen hasi nintzen. Izan ere, elkartean “Club de lectura fácil” (euskaraz, “irakurketa errazaren kluba”) zegoen. Urratsez urrats aurrera egin nuen, eta era berean, nire irakurtzeko grina handitu zen. Egun, sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzako irakurketa taldea dinamizatzeaz arduratzen naiz. Horretaz gain, Deustuko Unibertsitatean ikasi nuen hiru urtez, eta lehen sorospenen hainbat ikastaro egin ditut Gurutze Gorrian. Horri esker, behar bezala aritu naiteke boluntario haurtzaindegietan, eskolaz kanpoko jardueretan eta eskolako kirol ikastaroetan.

GLORIA MORA
5 GJH: GENERO BERDINTASUNA
“Okina, enpresaburua, ama eta emaztea… estereotipoak aldatuz”
Hamar urte baino gehiagoz, nazioarteko kooperazioan lan egin ostea, nire bizitza aldatu zuen grina aurkitu nuen: oreak, hartzidura eta artisautza. Egun, lanean ari naiz “Amasarte Labea” izeneko nire proiektuan. Ogi eta gozogintza lantegi artisaua da, arimaz betea. Hasiera ez zen erraza izan, enpresa bat zerotik abiaraztea eta familia bizitza bateratzea ardura eta neke handia ekartzen baitu. Gainera, okin lana gizonezkoei egokitu zaie beti, ahalegin fisiko handia eskatzen baitu eta haurrak heztearekin bateraezinak den gaueko ordutegia baitu. Gaur egun, gizarte aurrerapenak egin dira, baina oro har, emakumeok zailtasun handiagoak ditugu ekiteko. Nik amets egin nuen, nire oztopoak gainditu nituen eta amets horiek betetzeko borroka egin nuen. Nire proiektuan bateratu ahal izan ditut nire familia bizitza eta nire bizi filosofia. Nire taldea edo hornitzaileak hautatzeko aukera dudanean, emakume langileei ematen diet lehentasuna, izan ere, badakit emakumeak laneratzeko arazoak daudela. Horrela, emakume nekazariz eta ekoizle txikiz inguratu naiz. Pertsona sentikorrak dira, ingurumena zaintzeaz arduratzen dira eta natura errespetatzen dute. Ahalmen handiko emakumeen taldea da, gogoz beteta daude eta gainez egiten duen energia dute. Niretzako sari bat da jakitea nire proiektuaren bidez emakumeen partaidetza eta eskubide ekonomikoen berdintasuna bultzatzen ditudala.

TERESA FERNÁNDEZ
6 GJH: URGARBIA ETA SANEAMENDUA
“Planetarentzako ona den horretan laguntzea eta parte-hartzea, ona da bertan bizi garen guztiontzako”
Areetakoa naiz eta naturazalea naiz, goitik behera. Nire bizitzako aurkikuntzarik handienetako bat Galeako txilardietan “Lurgaia” fundazioarekin topo egitean izan zen. Ordutik, boluntarioa naiz fundazioaren hainbat jardueratan, eta biodibertsitatea kontserbatzen laguntzeaz eta natura ondarea, espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia kudeatzeaz arduratzen naiz.
Egiten ditugun jardueren artean nabarmendu ditzakegu uretako flora inbaditzaile exotikoa kentzea, narritutako basoak bertako espeziekin basoberritzea, eta pertsona axolagabeek naturan botatzen duten zaborra jasotzea eta garbitzea. Gainera, zorte onekoa izan naiz, nire alabetako bat nire urratsak jarraitu baititu, eta horrela, elkarrekin, bikoitza gozatzen dugu. Paregabea da talde baten parte garela sentitzea, natura defendatzeko gure aletxoa jartzen dugun bitartean.

MARÍA CENIGA
7 GJH: ENERGIA IRISGARRIA ETA EZ KUTSAGARRIA
“Proiektu solidarioak sustatzen ditugu”
Maria naiz eta Getxokoa naiz. Ingeniaritza ikasi nuen, eta hainbat urtez automobilgintzako proiektuak kudeatzen aritu nintzen, Txinan. Ondoren, nire lana goitik behera aldatu nuen eta garapenerako kooperazioan eta larrialdietan egin nuen lan Mozambiken eta Palestinan, Ayuda en Acción eta Gurutze Gorriaren bidez.
Orain Eki Fundazioaren proiektuen burua naiz. Fundazioa 2017tik ari da energia hornidura arazoak dituzten osasun zentroetan eta ikastetxeetan eguzki sistemak finantzatzen, erosten, instalatzen eta horien jarraipena egiten, herrialderik ahulenetan. Gure helburua pobrezia deuseztatzea da, elektrizitatea eskura jarrita, eta horretarako eguzkiaren energia garbia eta amaiezina erabiltzen dugu. Orain arte, 55 proiektu sortu ditugu hamabost herrialdetan, eta eguzki energia fotovoltaikoko lanbide heziketako hiru zentrori laguntzen diegu.
Nire gaitasunak eta nire esperientzia pertsona zaurgarrienen esku jartzea oso berezia da niretzat. Gure proiektuak oso eragin positiboa du gizartean eta ingurunean, eta aldaketa iraunkorra eta jasangarria ahalbidetzen du.

NEREA SANTURTUN
8 GJH: LAN DUINA ETA HAZKUNDE EKONOMIKOA
“Arima organikoa”
Emakume ekintzailea naiz, eta Algortan dagoen Basoan merkatu organiko txikiaren jabea naiz. Sustrai asturiarrak, euskaldunak eta baita eskandinaviarrak ere ditut. Basoan nire bizipenen eta nire ilusio profesionala eskuratzeko borrokatu izanaren emaitza da. Helburua hornidura azoka tradizionalak berreskuratzea da, tokiko produktu freskoekin eta iraungitzen ez diren beste produktu batzuekin. Proiektuaren nortasunaren ezaugarriak kalitatezko produktuak eta arreta hurbila dira. Oso polita da ikustea produktu naturalak direla, arima dutela eta tokiko ekoizleek egin dituztela. Ekoizle horiek ingurumena errespetatzen dute eta produktuak sortzeko prozesua zaintzen dute. Horrela, produktu organiko freskoekin (zero kilometroa) lan egin dezakegu, lurrean ez ezin bihotzean ere hazten dira. Basoan, oreka ekologikorako bilakaera sustatzeko espazio txikia da. Algortako zentroan dagoen ekosistema txikia da, nork bere burua zaintzeko eta komunitatean natura zaintzeko, ardura txikiak hartzeak eta erosketa saskian aldaketak egiteak zuzeneko eragina du norberaren zein planetaren ongizatean. Ongi etorri basora.

MERITXELL JIMÉNEZ
9 GJH: INDUSTRIA, BERRIKUNTZA ETA AZPIEGITURA
“Jendea ez da arazoa, konponbidea baizik”
Meritxell Jimenez-Eguizabal naiz eta Getxokoa naiz. Coaching munduan egiten dut lan, baina ez zen lehen begi kolpeko maitasuna izan. Inguruabarren nire konfort zonatik ateratzera behartu ninduten. Zona hori nire bost haurrak zaintzea zen, eta independente izaten hasi zirenean erronka profesional berri bati aurre egitea erabaki nuen. Hasierak ez dira errazak: oso zerbitzu ezezaguna zen eta nik ez nuen esperientzia handirik ere. Biktima izateari utzi eta protagonista bihurtu nintzen, horrela, nire lan profesionalarekin nire familia aurrera atera ahal izan nuen krisi garaian. Pixkanaka nire gaitasunak indartu nituen, nire lekua eta nire grina aurkitu nituen, hau da, erakunde osasungarriak, bidezkoak eta gizatiarrak sortzen laguntzea. Bi lan ildo jarraitzen ditut: antolakuntzari lotutako gaiak eta nire gizarte gaitasunak (adimen emozionala). Hainbat arlotan prestatu naiz: negozioentzako coachinga, familientzako coachinga, taldeenzako coachinga, balioen araberako coachinga, Dale Carnegie, indarkeriarik gabeko komunikazioa, eta batez ere, adimen emozionala.
Asko gustatzen zait pentsatzea nire lanaren bidez mundu “pixka bat hobea” egiten laguntzen dudala, indarkeria gutxiagorekin, gerra nahikoa dago dagoeneko nonahi, ez duzu uste?

CHRISTIAN RODRÍGUEZ
10 GJH: DESBERDINTASUNAK MURRIZTEA
“Pertsona guztiontzako tokia dago mendian”
Mendiko gida naiz, profesioz eta bokazioz. 2009an Algortara iritsi nintzen Guatemalatik, nire jaioterritik, maitasuna zela eta. Mendiagatik dudan grinak jende asko ezagutarazi dit. Algortara iritsi nintzenean, ohartu nintzen aniztasun funtzionala zuten pertsonek aisialdirako oso aukera gutxi zituztela. Eta hara non nire naturarekiko grinarekin besteei laguntzeko aukera ikusi nuen. Horrela “IBILKI” izeneko kultur elkartea sortzeko ekimena hasi zen.
Ibilki elkartearen bidez, kirol eta aisialdi jarduerak eskaintzen ditugu aniztasun funtzionala duten pertsonentzako: mendi ibilaldi eta txango egokituak. Jarduera horiekin naturaz gozatu eta, aldi berean, beste gai batzuk lantzen ditugu, hala nola kultura aniztasuna, dibertsitate funtzionala, ekitatea, bakardadearen arazoak, etab. Parte-hartzaile guztien artean mezu garrantzitsu bat eraiki dugu: “ez dago oztoporik”. Gaur egun, hainbat elkarterekin egiten dugu lan, tokikoak zein beste herrialdeetakoak: Guatemala, Honduras, Armenia edo Maroko, besteak beste. Bizkaiko Mendizale Federazioaren eta Getxoko Immigranteen Plataformaren Federazioaren parte gara. Horiekin batera sarritan lankidetzan aritzen garen elkarte gehiago ezagutu ditugu.

JAVIER CAMPO
11 GJH: HIRI ETA KOMUNITATE JASANGARRIAK
“Ahaztearen kontrako erresistentziaren kidea”
Bilbotarra jaiotzaz eta getxotarra erabakiz. Erretiratu nintzenetik, saiakera historikoaren zaletasunari heldu diot berriro, eta trilogia bat idatzi dut Getxoko udalerriaren inguruan.
Lehenengo liburua “La ermita del Puerto Viejo.-S.N.B. de Algorta y su órgano”, ermitaren mendeetako historia azaltzen du, herritarrek San Nikolas Parrokia eraikitzeko egin zuten borroka, eta bertako organo bikainaren ezaugarriak zehazten dira. Bigarren liburua “Getxo en sus calles.-Con nombre propio” da eta bertan pertsona garrantzitsuen biografiak daude. Pertsona horiek kale batean bere plaka eta izena izateko ohorea izan dute. Hirugarren liburuan, “Saliendo de la invisibilidad.-Retratos de mujer” mendeetan zehar emakumeak izan duen garrantzia eta berdintasuna lortzeko borroka gogora ekarri eta balioetsi egiten da. Behe Erdi Arotik gaur arte gure artean izan ditugun 29 emakumeren biografien bidez.

ICIAR GARCÍA
12 GJH: EKOIZPEN ETA KONTSUMO
“Las segundas oportunidades, pueden ser buenas”
Iciar García Baldasano naiz. Getxotarra naiz. “Donagetxo” ekimena ama izan ostean bururatu zitzaidan, zehazki, ohartu nintzenean denboraren poderioz familian zenbat arropa eta etxeko beste gailu batzuk alferrik galtzen direla edota erabiltzeari uzten diogula. Hainbat taldetan eta sare sozialetan dohaintzan emateko nuen guztia argitaratu nuen, eta interesa eta beharra zuten hainbeste pertsona zeudela ohartu nintzenean, Facebook-eko orri bat sortu nuen, dohaintzak behar bezala egin ahal izateko.
Irabazi asmorik gabeko talde bat da, eta gaur egun 400 pertsona baino gehiago daude lotuta. Jendearen objektuak hautatu eta sailkatu egiten ditugu, ondo egon arren erabiltzen ez diren objektuak dira (arropa, osagarriak eta beste hainbat gauza) eta behar dituzten pertsonei ematen dizkiegu, objektu horien bizitza luzatzen dugu, hau da, bigarren aukera bat ematen diegu. Donagetxo ekimenean parte hartzen dugun guztiok berrerabiltzea, birziklatzea eta alferreko kontsumoa murriztea sustatzen dugu. Kontsumismoari aurre egin nahi diogu sare sozialetako ikuspuntu positibo eta konstruktibo batetik abiatuta. Ekimen erraza da, kontzientzia ekosozialean indartzen laguntzen digu eta gure barruan daukagun onena azaleratzen laguntzen digu.

INÉS GUTIÉRREZ
13 GJH: KLIMAREN ALDEKO EKINTZA
“Ekintza, hausnarketa, ekintza”
Inés naiz eta Algortakoa naiz. Zazpi urte nituenean Eskubeltz eskaut taldean sartu nintzen, eta hamazortzi urterekin begirale hasi nintzen. Gaur egun hiru urte daramatzat jardueren koordinatzaile.
Eskubeltz Algortako eskaut taldea da, eta helburu nagusia zortzi eta hamazortzi urte bitarteko haur eta nerabeak aisialdian heztea da, Eskaut ekimenaren hiru zutabe nagusien bidez: Heziketa, Gizartea eta Fedea.
Talde asko gaude Euskal Herriko Eskautak Bizkaia sareari lotuta. Naturazaleak gara eta planetaren garapen jasangarria bultzatzeko lan egiten dugu. Gure ustez, aisialdia eta naturarekin harremanetan egotea ikasteko aukera paregabea dira. Horien bidez, gure bizitzan aurrerago egingo ditugun gainerako jardueretan baliatuko ditugun balioak garatzen ikasten dugu. Gure metodologian honela esaten diogu: Ekintza-hausnarketa-ekintza. Gainera, taldean egiten dugu, eta horrela pertsonen arteko harremanak indartzen ditugu eta komuna den zerbaiten parte sentitzen gara, eta hori guztion artean zaintzen dugu.

LUCIANO VICENTE
14 GJH: ITSASPEKO BIZITZA
“Itsasoan tanta bakoitzak badu bere garrantzia”
Luciano naiz, baina askok Luki esaten didate. Itsasoa eta aire zabala maite ditut eta urpekaritzako irakaslea naiz. Getxoko “Divertek” klubean urpekari taldeko kidea naiz. Klubaren helburua urpeko jarduerak sustatzea da, urpekaritzan oinarrituta.
Hainbat jarduera egiten ditugu, eta aldian-aldian itsas hondoak eta portuak garbitzen ditugu. Ikaragarria da gizarteak, pertsonak, itsasoan zenbat gauza botatzeko gai garen. Garbiketa jarduera horien helburu nagusia herritarrak sentsibilizatzea da gure ingurumena errespetatzearen garrantziaz, eta baita, egiten dugunarekin arduratsuak izateaz ere: gure ekintzek eta hartzen ditugun aukerek ingurumenean ahalik eragin txikiena izan dezaten saiatu behar dugu. Gure ustez, funtsezkoa da herritarrak ozeanoen aberastasunaz eta aldi berean ozeanoen hauskortasunaz ohartaraztea. Ozeanoa ez da soilik planetako ur eta bizi edukiontzi handi bat, horretaz gain, klima erregulatzeko tresna nagusia ere bada lurrean, eta noski, eginkizun garrantzitsua du gure osasunean eta elikaduran. Batzuetan ez gara konturatzen, epe ertainean, gure bizimoduak eta ingurunera botatzen ditugun hondakinek eta isuriek duten eraginaz. Urpekaritzari esker, errealitate hori ikus dezakegu eta ingurumen hezkuntzan konpromisoa hartzeko bide bat da ere, noski, kostaldeko ekosisteman defendatzeko.

XABIER BUENETXEA
15 GJH: LEHORREKO EKOSISTEMETAKO BIZITZA NEURRIAK
“Natura etxea da”
Txikitatik natura aztertzea gustatzen zitzaidan, flora, fauna eta hegaztiak. Pixkanaka naturaz gozatzen ikasi nuen eta gaur egun, hura defendatzeaz arduratzen naiz.
Bokaziozko lana da, pazientzia handia eta parteko ordu ugari eskatzen ditu, naturaren erritmora egokitu behar gara eta. Bereziki, Getxoko biodibertsitatea kontrolatzeaz arduratzen naiz. Hegaztien inbentarioaz arduratzen naiz: Getxokoak zein hegazti migratzaileen kontrolekoak (Getxora turismoa egitera datozenak), izan ere azken horien erreferente gara. Narrastien eta anfibioen jarraipena ere egiten dugu, bertako espezieak monitorizatzen ditugu, hala nola “apo lasterkaria” edo ugaztun txikiak. Gainera, “SOS Galapagos” ekimenaren koordinatzailea naiz eta Bolueko hezeguneko faunaren jarraipena ere egiten dut. Horrela, biodibertsitatea narritzea eta galtzea ekiditeko hobekuntza teknikoak proposatu daitezke. Bestalde, uste dut beharrezkoa dela gizartea ohartaraztea ingurunea zaintzeari dagokionez. Hori dela eta familiekin sentzibilizazio tailerrak egiten ditugu, eta adibidez, hegaztientzako habiak eta jateko lekuak egiten ditugu. Horren bidez, familia ingurune atsegina sortzen dugu txikienei naturarekiko errespetua irakasteko.

VICTOR LANDETA
16 GJH: BAKEA, JUSTIZIA ETA INSTITUZIO SENDOAK
“Artea sufrimenduaren antidoto gisa”
Victor naiz, margolaria eta kaleko artista, eta horma pintura eta formatu handiko koadroak maite ditut. Arte ederrak ikasi nituen Leioako unibertsitatean eta Londresen erasmus egin nuen. Han, arte digitaleko master bat egin nuen. Hamar urte eman nituen Berlinen, eta Tacheles kultura zentroan nire obrak erakutsi nituen zenbaitetan. Gainera, zorionekoa izan naiz, Berlingo harresiaren gainean margoztu dudalako, beste askok ez bezala. Mundu osoan zehar egin ditudan bidaien bidez, inspirazioa aurkitu dut, bertako biztanleen artean murgildu naiz eta nire pintura estilo propioa sortu dut, bidegabekeriak eta gizarte arazoak salatzean oinarrituta dago. Nire ustez, lan orok eragin etiko handia du, eta, horregatik, guztion ongizatea eraikitzen laguntzeko aukera ere bada. Zoragarria da, gutxi badira ere, ekarpenak egin ahal izatea, eta sormenaren eta artearen bidez guztiontzako mundu hobe bat sortzea. Gaur egun eskola txiki bat dut. Bertan, irakasteaz gozatzen dut eta sormenaren eta konpromisoekin lotutako munduaren parte direnei artea transmititzen diet.

JAIME LAFITA
17 GJH: HELBURUAK LORTZEKO ALIANTZA
“Ela denon ardura dela”
2016an ELA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zidaten eta nire bizitza, halabeharrez, goitik behera aldatu zen. Nire familia, nire lagunak eta baita ni ere orduan ohartu ginen zein ezagutza txikia duen gizarteak gaixotasun batzuen inguruan, eta baita gaixotasun krudel eta ezezagun hori pairatzen dugun pertsonak zein zaurgarriak garen ere. Horrela sortu zen “DalecandELA” elkartea. Helburua ELA pairatzen duten gaixoak ikustaraztea eta laguntzea da, baita sendabide bat bilatzeko ikerketa bultzatzea ere.
DALECANDELA gizarte katalizatzaile bihurtu da, hau da, egunero lagun eta ezagun gehiago batzen diren sarea da. Horren bidez, gaixotasun “arraro” hori aditzera ematea eman ahal izan dugu erabakiak hartzen diren espazio politikoetan, eta horri esker ikertzeko baliabideekin lotutako konpromisoak hartu dira, itxaropen hutsa da gaixoentzako eta horien senideentzako. Kalean egiten ditugun jardueren bidez funtsak biltzen ditugu ELAren menpekotasun fasean gaixoei arreta emateko, eta baita gizartea, oro har, sentsibilizatzeko, izan ere, ELA pairatzen dugun pertsona guztientzako gizarte mobilizazioa, jakina, mezu argia da: ez gaude bakarrik arriskuaren aurrean.